Hizkuntza Eskola Ofizialeko matrikulazioaren bigarren fasea, zabalik

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 23a, 13:10
Gaztanenea Formakuntza Zentroa.

Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofizialean izena eman daiteke oraindik, hizkuntza ikastaroetan hutsik gelditu diren plazak esleituko baitituzte. Urriaren 3a, osteguna, izango da eskabideak egiteko azken eguna.

Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofzialean matrikula egiteko bigarren fasea zabalik dago jada, eta urriaren 3ra arte egin daitezke eskabideak. Fase horretan, lehenengo fasean hutsik gelditutako plazak banatuko dira lehenengo esleipenean plazarik gabe gelditu diren herritarren artean, salbuespenezko matrikula eskatzen dutenen artean eta eskabidea lehen faseko matrikula epea baino beranduago aurkeztu zutenen artean. 

Ikastaroen, ordutegien eta matrikulazioaren inguruko zalantzak argitzeko Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialaren webgunera jo daiteke, edo Gaztanenea Formakuntza Zentrora deitu (943 54 16 50, arratsaldez) edo gaztanenea@azkoitia.eus helbidera idatzi. 

2019-2020 ikasturtean lehen aldiz euskarako C1 maila eskainiko da Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, eta Azkoitiko Udalak adierazi duenez oraindik ere badaude plaza libreak. EGA azterketa kendu zutenetik, euskara maila egiaztatzeko eta titulu homologatua eskuratzeko bi bide bakarrik daude, HABEren euskaltegi batean azterketa eginda edo Hizkuntza Eskola Ofizialean matrikulatuta.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide