Gipuzkoaren eta organoaren arteko erlazioa balioan jartzen duen liburua aurkeztu du Esteban Elizondok

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 21a, 15:37

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako Escritos diversos en torno al órgano liburuaren aurkezpen ekitaldi hasieran, Miriam Muñoz biolin-jotzaileak eta Igancio Arakistain organo-jotzaileak emanaldia eskaini dute.

Esteban Elizondo organo-jotzaile eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Adiskide Numerarioak Escritos diversos en torno al órgano liburua aurkeztu du, gaur Intsausti jauregian. Azkoitiko eraikina leporaino bete da aurkezpenerako, eta Luis Elizegi Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidentearen ongietorri hitzen ondoren, Miriam Muñoz biolin-jotzaileak eta Igancio Arakistain organo-jotzailearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute bertaratuek.

Jarraian Arakistain musikari azpeitiarrak hartu du hitza, liburuan hainbat ekarpen egin baititu. Arakistainen zeregina Donostiako kontserbatorioa sortu aurretik San bizente eta Santa Mariako parrokia batzuetan izandako kapera musikalari buruzko informazioa dokumentatzea izan da, eta bere esanetan, gaur aurkeztutako liburua "interesgarria bezain beharrezkoa da".

Esteban Elizondok, berriz, azpeitiarrak egindako lana goraipatu du, eta aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu du. Liburuari dagokionez, Gipuzkoak eta organoak izandako erlazioa balioan jarri nahi izan duela adierazi du. Izan ere, Elizondok hainbat gai jorratu du liburuan; besteak beste, organoak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historian izan duen presentzia, musika tresna horrek artean eta literaturan izan duen eragina eta azken mende erdian organoaren bueltan Gipuzkoan antolatu dituzten egitasmoak azaldu ditu. Era berean, lurralde horretan dauden organoak eta horien zahaberritze lanak ekarri ditu gogora. Organista donostiarrak 70 argazki baino gehiagorekin eta Antonio Oteiza, Xabier Obeso, Juan Torregarai, Tomas Hernandez Mendizabal, Iñaki Alvarez, Zaloa Elizondo, Rafael Munoa, Juan Pagola eta Javier Sagarzazu artisten irudiekin osatu du liburua.

Ekitaldiarekin amaitzeko, antolatzaileek mokadua eskaini diete bertaratuei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide