Emakume bidaiariei tarte berezia eskainiz hasiko dituzte Bidaia Tertuliak

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 20a, 15:42
Paula Muga, Iranen auto-stop egiten, etxera bueltan. (Paula Muga)

Paola Mugak irekiko du zikloa gaur, Hong Kongetik Bilbora auto-stopez egindako bidaia gogoratuz. Turismo ereduaz ere hausnartuko dute aurtengoan, Donostiako bizilagunen eskutik. 

Munduko txoko desberdinak gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute azkoitiarrek beste behin ere. Azkoitiko Bidaiariak taldeak antolatutako egitasmoak hemeretzigarren edizioa beteko du, eta gaur bertan hasiko da. Aurten, antolatzaileek emakume bidaiariei eman nahi izan diete ikusgaitasuna, eta hori hala, modu batera edo bestera bidaiatu duten hiru emakumezkok eskainiko dituzte solasaldiak. Lehenengoan, Paula Mugak Hong Kongetik Bilbora egin zuen bidaia azalduko du; azaroan, berriz, Saioa Bolivarrek eta Irune Gabilondok Madagaskarreko egonaldia kontatuko dute.

Aurtengoan, turismoa beste ikuspuntu batetik ere jorratzea erabaki dute antolatzaileek. Horretarako, Donostiako gaur egungo turismo ereduarekin "kezkatuta" dauden BiziLagunEkin plataformako bi kide gonbidatuko dituzte ziklora. Dokumental emanaldiarekin osatuko dute egitaraua, eta aurtengoan Laponia Arrastoan dokumentala eskainiko dute. Euskaldunek 1974an Laponiara egindako lehen bidaiaren arrastoari jarraituz, hiru lagunek herrialde horretan egindako zeharkaldia jorratzen du ikus-entzunezkoak, eta hango protagonistetako bat izango da Bidaia Tertuliatan.


Txinatik, auto-stopez

Mugak 2017an egin zuen bidaiako bizipenak azalduko ditu gaur. 22 urteko gaztea Hong Kongen bizi zen orduan, eta herrialde hori utzi eta Bilbora joatea erabaki zuen; ordea, ez zen ohiko modura itzuli Euskal Herrira: "Lurrez etortzea pentsatu nuen, eta batez ere auto-stop egiten itzuli nintzen. Ingurukoek esaten zidaten ezin izango nuela modu horretara itzuli, emakumea naizelako. Ez nuen ulertzen emakumeok zergatik ezin genezakeen halakorik egin, baina bidaian errealitate gordinarekin egin nuen topo; matxismoak mundu osoan kolpatzen duela jabetu nintzen".

Gazteak bederatzi hilabete behar izan zituen etxera itzultzeko, eta bidean migratzaileen errealitatea ere ezagutu zuen: "Haiek egiten ari ziren bide bera egin nuen nik ere, eta ohartu nintzen niretzako pasaera ederra zena haientzako amesgaiztoa zela, zuria ez izateagatik ez zietelako uzten Europara sartzen". Hain zuzen ere, horixe izango da bidaiariaren gaurko saioaren xedea: herritarrak migratzaileen dramaz kontzientzia hartzea.

Egitaraua:
Gaur. Hong Kongetik Bilbora, Paula Mugarekin (gaztelaniaz), 19:30ean Kultur Etxean.
Urriak 18. Laponia Arrastoan dokumentala, Iker Iriarteren eskutik, 19:30ean Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan. .
Azaroak 15. Madagaskar mora mora, Saioa Bolivarrekin eta Irune Gabilondorekin, 19:30ean Kultur Etxean.
Abenduak 13. Donostia arriskuan, deshazkunde turistikorantz irtenbide proposamenak, BiziLagunEkin plataformaren eskutik, 19:30ean Kultur Etxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide