Mugi txartela ateratzeko aukera izango da asteartean Parrokiaren aurrean

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 20a, 13:06

Europako Mugikortasunaren Astearen barruan, MUGI sistemaren erabiltzaileen arreta zerbitzua Azkoitian izango da asteartean, hilak 24. Txartela egiteko aukera eta haren inguruko zalantzak argitzeko aukera eskainiko du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak MUGIpuzkoa ekimena jarri du martxan, eta asteartean, hilak 24, Azkoitian izango dira. Europako Mugikortasunaren Astea dela eta, GGLAk MUGI txartelaren inguruko informazioa eskainiko du, eta baita txartela egiteko aukera ere. Parrokia aurrean jarriko dute postua, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Herritarrek gune horretan bertan izango dute aukera txartelerako argazkia ateratzeko, beharrezko agirien (NANa eta familia liburua) kopiak egiteko, inprimakia betetzeko eta txartela tramitatzeko ordainketa egiteko, besteak beste. Aldi berean, erabiltzaileek txartelaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak argitu ahal izango dituzte, eta ekarpenak egiteko aukera ere izango dute.

GGLAko kideek adierazi dutenez, ekimena MUGI txartela "herritarrengana gerturatzeko" eta MUGI txartela nahiz garraio publiko jasangarria sustatzeko abiatu dute. Antonio Aiz GGLAko lehendakariak adierazi duenez, herritarrek "eskertu" egiten dute gertutasuna: “ohartu gara herritarrek gertutasun hori eskertu egiten dutela, eta agintaritza bezala sustatu nahi dugun garraio publiko eredua gizarteratzeko baliagarria zaigu MUGIpuzkoa ekimena”.

Bestalde GGLAko kideek azaldu dute "tinko" eusten diotela garraio publikoa sustatzeko erronkari, "elkarreraginkortasunari" arreta berezia jarrita. “Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dugu, eskaintza lehiakorra ematea da helburua, eguneroko joan-etorrietan lehen aukera izatea nahi dugu, ibilgailu pribatua etxean uztea, garraio publikoa erabiltzaileentzat askoz ere aukera erosoago, merkeago eta eraginkorrago bilakatuz” adierazi du Aizek.

MUGIpuzkoa ekimenaren helburua, garraio publikoaren onurak "gizarteratzea" eta MUGI txartela "sustatzea" adierazi dute antolatzaileek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide