Elena Laka eta Kike Amonarriz: “Euskaltzaleen komunitatea erdigunera ekarri dugu”

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 27a, 10:00

Bergarako Errekalde jauregian batu ditu Ttap aldizkariak Elena Laka eta Kike Amonarriz. Elena Laka 2014ko apirila ezkero Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izan da eta kargua utzi egingo du. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaritzarako hautagai moduan aurkeztuko da Kike Amonarriz, gaur, ostirala, Andoainen egingo den batzar nagusian. Hark hartuko du Lakaren testigua.

MONIKA BELASTEGI: Elena Laka, Kike Amonarriz, zer moduz? Eskerrik asko Ttapen deialdi hau onartzeagatik.

ELENA LAKA: Eskerrik asko zuei.

KIKE AMONARRIZ: Nola ez! Ttapen, etxean sentitzen gara!

Elkarrizketa abiatzeko, eta ikus-entzuleak kokatzeko, esan behar dugu Bergaran gaudela, eta ez da kasualitatea Euskaltzaleen Topaguneaz berba egiteko Bergaran elkartu izana.

E.L.: Bai, eta Bergarak badu esanahi berezi bat Euskaltzaleen Topagunearentzako, ezta? 1996an tokian tokiko euskara elkarteek pentsatu zutenean edo pentsatu genuenean tokian tokiko egitura hori gainditzea eta horrek batuko zituen egitura nazional bat sortzea, sorrera bilera hori Bergaran egin zen. Horregatik badauka esanahi berezia.

K.A.: Bai, eta, gainera, gogora datozkigu pertsona batzuk, ezta, Elena?

E.L.: Bai, nik gogora ekarri nahi nituzke dagoeneko gurekin ez dauden Eibarko eta Tolosako pertsona oso esanguratsuak. Nola haiek amestu zuten Euskaltzaleen Topagunea mugimendu nazional bat, tokian tokiko mugimendua gaindituko zuena. Etxe hau eraiki ahal izateko haiek jarri zituzten oinarriak.

K.A.: Bai, eta haiei eta haiek bezalako pertsona askori esker gaude hemen. Mugimendu oso polita sortu zen, eta gaur egungo Topagunearen errealitatea ulertzeko uste dut garrantzitsua dela jabetzea Topagunea ez zela sortu aurrena eta gero elkarteak etorri zirela. Ez. Kontrako bidea izan zen, oso behetik gorakoa. Elkarteak zeuden hainbat lekutan, eta elkartu beharra eta hura koordinatu beharra ikusi genuen. Nolabait, federazio bat antolatu beharra. Horrek azaltzen du zergatik euskara elkarteek daukaten horrelako nortasun propio indartsua, nire ustez, gero eta gutxiago, baina oso prozesu polita izan da ikustea nola konbinatu talde bakoitzaren indarra, autonomia eta nortasun hori, mugimendu zabal batean.

E.L.: Gainera, atzean utzi ezin dezakegun nortasun bat dela uste dut. Erabat garrantzitsua da elkarte bakoitzak eta herri bakoitzak bere nortasuna izatea. 90eko hamarkada hasiera horretan elkarteak herriz herri sortzen hasi ginenean, denak Arrasateko AED elkartearen ondotik, bakoitzak izan zuen bere ibilbidea, eta orduan zaila zen pentsatzea egitura nazional bat izan zitekeenik. Gero, Topagunea sortu zenetik 22 urte pasatu dira jada, eta, behetik gora sortutako federazio bat izanik, talde-lan bat eginez eta gizarte mugimendu moduan. Uste dut Euskaltzaleen Topaguneko balio garrantzitsuenetako bat hori dela, ez dela erakunde pertsonalista.

Biak ere beteranoak Topagunean, eta zure kasuan, Elena, 2014a ezkero lehendakaria. Oraintxe laga duzu; zergatik?

E.L.: Bost urte badira zerbait; kar, kar, kar. Lagatzeko momentu bat badela uste dut. Bost urtean ibili naiz, ahal izan dudan neurrian, buru-belarri sartuta eta inplikatuta, eta orain, badator beste lehendakari bat. Gauza berriak egingo ditu, aro berri bat dator, eta jauzi bat aurrera egingo duena. Nik uste dut nire lana egin dudala, eta gizarte mugimenduetan aldaketa hauek gertatzea oso onuragarria dela uste dut. Pertsonez osatutako erakunde bat da, eta nire ustez ezin da egonkortu pertsona bat, ez delako ona. Nire lana egin dut, oso-oso pozik egin dut, eta Euskaltzaleen Topaguneaz berba onak besterik ez dut esateko, eta orain, Kikeri pasatzen diot lekukoa. Eta, gainera, hau ez da nire lana. Hemen boluntario lan bat egiten dut,  oso gustura, uste dut aktibista moduan edozein pertsonari eskatu eta eman beharreko lan bat dela, eta, hala ere, jaso egiten da gehiago eman baino. Orain, albotik laguntzen jarraituko dut. Orain, Kike Amonarrizen eta bere zuzendaritza batzordearen esku geldituko da dena.

K.A.: Elenak bost urte esan ditu, baina ze bost urte! Emankorrak, intentsoak...

E.L.: Ez lasaitu, hurrengo bost urteak ez direlako lasaiak izango; kar, kar, kar.

Balorazio positiboa egiten duzu, Elena? Pozik uzten duzu? Arantzatxoren bat?

E.L.: Bai, jakina geratu direla gauzak. Balorazioa, modu pertsonalean eta aktibista moduan, eta mugimendu moduan intentsoa eta positiboa izan da. Maila pertsonalean geratzen naiz izandako harreman guztiekin, bai gizarte mugimenduekin, eragileekin eta erakundeekin. Fase ezberdinak igaro ditugu, baina guztiak emankorrak eta uste dut oso aberatsak izan direla. Euskaltzaleen Topaguneak jauzia eman duela uste dut. 2014an, Mikel Irizar orduko lehendakariak zioen etorkizuna genuela irabazteko, eta uste dut pusketatxo bat hortxe irabazi dugula. Jauzi handia egin dugula uste dut. Euskaltzaleen komunitatea erdigunera ekarri dugu eta hartzen dihardugu lekua, eta ez da inork ematen digulako, baizik eta guk egin dugulako jauzi hori. Hori egiten ari gara, baina oraindik asko dago hobetzeko. Arantzak? Baita ere. Uste dut mugimenduaren kohesioan badagoela oraindik sakontzeko eta lantzeko tartea. Nik izan ditudan mugak nire jardun profesionalagatik izan dira. Boluntariozko lan batean ibili naiz, eta 24 ordu ditu egunak, ez gehiago. Baina mugimenduak hemendik aurrerako jauziak talde berriarekin egingo ditu.

Esku onetan uzten duzu lekukoa, eta zuk nola hartzen duzu, Kike?

K.A.: Ba, ilusio handiz! Elenak esan duen bezala, bost urte hauetan berak lideratu duen mugimendu guztia ikaragarria izan da. Jauzi ikaragarria eman dela uste dut, ilusio handiz bizi izan dugun jauzi bat, gainera. Aurreko lehendakari guztiek epe bat bete dutela ikusi dut, eta beti gorantzako mugimenduan. Fernando Muniozgurenekin mugimenduaren sorrera etorri zen; gero, Joxe Mari Muxika etorri zen, eta kooperatibismotik zekarren kudeaketarako ikuspegia txertatu zuen, eta herri komunikabideen esparruari ere eman zion kohesioa eta indarra. Karmen Irizarren garaian, lehenengoa kongresua egin zen, eta hor Oinarriparrak jarri ziren eta jauzi bat emateko gogoa piztu zen. Gainera, neurri batean, Karmen Irizarri esker nago gaur hemen. Gogoratzen naiz bera eta Jasone Mendizabal etorri zitzaizkidala sortu nahi zutelako Topalabea taldea. Ni orduan telebistan nenbilen, eta berriro txertatu nintzen mugimendura. Gero, Mikel Irizar etorri zen eta zoru komunarekin eta ideia berriekin salto handirako lurra ondu zuela uste dut, eta salto handi hori Elenarekin heldu da. Batetik, mugimendua zabaldu egin da Euskaraldiak ekarri duen guztiarekin. Eta ez bakarrik euskal komunitateak hartu duen protagonismoa, baizik eta horrek aurretik zuen sukalde-lan guztia, elkarlanaren ideia guztia, Euskal Herri osoan egin ahal izatea. Nire ustez, Elenarekin diskurtso aldaketa bat ere etorri da. Euskararen inguruan hitz egiteko modu berri bat, eta Elenak euskalgintzaren bilakaera hori guztiori irudikatu du. Orain, nik ilusioarekin hartuko dut, baina baita erantzukizunarekin, oso puntu onean, gainera, sekulako lana egin delako urte hauetan guztietan. Lan horri beste urrats bat, beste salto bat eman behar zaio, eta mugimendua zabaltzearen bidetik eta indartzearen bidetik ikusten dut nik. Euskaraldiak euskalgintzaren eragin ahalmena biderkatu du, eta elkarlanaren bidea sakondu egin behar da, eta horri edukiak, eduki sakonak, eman behar zaizkio. Erronka, beraz, orain arte lortutako zaintzea izango da, eta horri etekina atera behar diogu.

E.L.: Zu izango zara lehendakaria eta lideratuko duzu taldea, baina sekulako lantaldea dago Euskaltzaleen topagunean, hori esan beharra dago. Zuzendaritza batzordetik hasita, lantaldeak, euskara elkarteetako boluntario eta langileak, hainbat herritan sortu diren Euskaraldiko batzordeak... Jendetza ikaragarria dago momentu honetan, Euskal Herri osoan, gainera, sekulako lana egiten. Hau gizarte mugimendu bat da, eta jende asko mugitzen da norabide berean.

K.A.: Eta, gainera, baiezkoa ematearen arrazoietako bat, justu, hori izan da. Aurretik ere elkarren berri bagenuen, Topalabean ere elkarrekin egon gara, herriz herri ere egon izan gara... Eta ekosistema atsegin bat, ilusionatua eta ireki bat ikusten duzu horrela. Gustua ematen du horrelako giro batean lan egiteak. Ilusioa, beraz, horrek ere sortzen du, baina erantzukizuna ere bai. Ardura batzuk badituzu eta horiei ezin diezu izkin egin.

Euskaraldia aipatu duzu, Kike, eta izan duen garrantzia. Uste duzue Euskaraldiak euskalgintzari eraldaketa ekarri diola? Zer ekarri dio?

E.L.: Euskaraldia prozesu luze baten azkeneko begia izan da, nahiz eta jarraipena izango duen gerora. Ez da horrelako batean sortu. Euskaltzaleen Topagunean lan handia egin da aurretik. Lehenengo, mugimenduaren barruan; eta gero, euskalgintzako gainerako eragileekin, erakundeekin... Egin den lana, sortu den giroa... horren ondorio izan da Euskaraldia. Duela hamar urte Euskaraldia ezin izango zen egin, ia seguru, beste egoera batean geundelako. Eta egoera aldaketa horri denok egin diogula mesede uste dut: bai erakundeek, bai gizarte eragileek, eta baita euskaltzaleen mugimenduak. Bakoitzak bere aldetik jarri du, eta 2017a uste dut izan zela giro aldaketarako eten bat, konfiantzan oinarritutakoa. Gaur egungo egoera zubiena da, sareak egitearena. Eta elkarlanaren bitartez Euskal Herria euskalduntzea.

Hortaz, eragileen eta erakundeen arteko elkarlana benetakoa izan da?

E.L.: Elkarlana edo zubigintza esaten dugunean eta egiten ditugunean argazkiak horren inguruan, ez gara bakarrik titular batez ari, ez gara bakarrik argazki batez ari. Horrek, barruan, benetako gauzatzea du, eskuz esku elkarlanean gaudelako konfiantza osoz. Erabat garrantzitsua da konfiantza hori, norberak bere esparrua gordez eta elkarlanean arituz. Horrek ekarri ahal izan duena ikaragarria izan da, eta ondorioa Euskaraldia izan da. Zer gertatu da? Elkarlan horren ondorioz sortu dugula ariketa sozial bat eta 200.000 lagunek eman dutela izena Euskal Herri osoan.

Zer-nolako aktibazioa, ezta?

K.A.: Nik uste dut, gainera, inork ez genuela espero horrenbestekoa izango zenik.

E.L.: Zerbait handia espero genuen, baina ikaragarria izan da eta ez da horretan bukatu. Orain, 2020ko Euskaraldia etorriko delako, entitate gehiagorekin, herri batzorde gehiagorekin, eta helburua, gutxienez, jende kopuru berak parte har dezala. Hori posible egitea 2020an, 1996an oraindik gure herrietako elkarteak txoko batean zeuden momentuan... bada aurrerapausoa.

K.A.: Nire ustez egon da hausnarketa bat erakunde askotan eta euskalgintzako eragile askorengan ere, eta azkenengo bost edo sei urteetan hausnarketa asko egon dira, eta gehienak ondorio antzekoetara iritsi ziren. Horrek ahalbidetu du Euskaraldia bezalako egitasmo bat. Eta gero, hor astroen konfluentzia ere gertatu da.

Elenak aipatzen zuen giro hori?

K.A.: Bai. Eta egin kontu, azken aurreko Korrikan erakundeen eta euskalgintzako eragileen artean egin zen kilometro bateratua. Hura izan zen, seguru aski, elkarlanaren lehen argazki soziala. Nik ez nuen espero Euskaraldian hainbeste jenderik parte hartuko zuenik. Ezta Euskal Herri osoko erakundeen elkarlana horren sakona izango zenik. Euskaraldiak Euskal Herri osoa bisualizatu du. Hor zeuden Iparraldeko erakundeetako ordezkariak, EAEko ordezkariak, Nafarroakoak, eragile sozial guztiak batera. Argazki horiek ez ziren posible duela hamar urte, arrazoi askorengatik. Hurrengo erronka izango da, beraz, iritsi garen puntutik harantz egitea. Eta harantz esan nahi du sakonago, indartsuago eta zabalago.

Zeintzuk izango dira 2020ko Euskaraldirako erronka zehatzak, orduan?

K.A.: Entitateetara goaz. Entitate esaten dugunean, edozein talde egituratu da. Izan liteke enpresa handi bat, txaranga bat, ikastetxe bat edo yoga talde bat. Entitate horietan pertsonak daude, eta, orduan, bilatzen dena da euskaraz aritzen diren ariguneak identifikatzea. Labur esanda. Horrek inplikatzen du entitate horiek barne-hausnarketa bat garatu beharko dutela esateko "guk ere aurrerapauso bat eman nahi dugu", eta, ahobizi eta belarriprest rolak pertsonek aukeratu genituen bezala, entitate horretako gune batek edo entitate osoak erabaki beharko du euskaraz egin daitekeen gunerik duen ala ez, gune hori osatzen duten guztiek euskaraz ulertzen dutelako. Edo beste kanpoko harremanetan ere euskaraz egin dezaketen pertsonak daudelako. Hori, batzuentzat, urrats erraza izango da, baina Baionatik Abletaseraino, eta Muskiztik Santa Graziraino errealitateak oso-oso anitzak dira, eta entitate txikiak eta handiak daude. Guk ahal dugun guztietara heltzeko borondatea dugu. Baina horrek ere eskatzen du gizarte eragileen eta erakundeen arteko funtzioak ondo zehaztea, era guztietako entitateez hitz egiten ari garelako. Inplikazioa, beraz, handiagoa izango da. Horrek esan nahi du pauso bat aurrera indartsuago eta sakonago emango dugula. Eta hori lortzen badugu aurrekoan lortu genuenaren antzeko tamainan, nik uste dut bide oso indartsua zabaltzen dela euskalgintzarentzat. Eta horrek energia kolektibo ikaragarri handia sor dezake.

E.L.: Bai, horrek espazio berriak irabaztea ekarriko du. Eta gero, bigarren gauza bat, belarriprest figura arigune horietan zabaltzen bada, horrek ekarriko du euskaraz egin nahi dugunok gero eta espazio gehiago izatea euskaraz aritzeko. Belarriprest figura horrek, ulertzeko gaitasun horrek, bermatzen dit niri, euskal hiztun moduan, edozein tokitan euskaraz jarduteko gai izatea. Izan nire komunitateko bileran edo Iberdrola dorrean gestio bat egiteko, edo Ablitasko udaletxean topatzen badut belarriprest bat, euskaraz ulertzeko gai dena, horrek bermatuko du nik euskaraz egitea eta askatasun hori izatea. Hori ikaragarria da, espazio guztiak irabaziko ditugulako Euskaraldiko entitateen bidez.

K.A.: Eta horrek aktibatzen du jende bat, beharbada, orain arte uzkurtuta egon dena. Bada jende asko euskara ikasten denbora pasa duela, urteak pasa dituztela. Batzuek hala nahita, beste batzuek lantokian eskatu dietelako eta beste batzuek eskolan ikasi dutelako. Zenbat jende dugu euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dena eta egunerokoan erabiltzen ez duena, lotsatzen delako, beharrik sentitzen ez duelako, ingurukoen artean ez duelako aparteko girorik ikusten. Jende hori guztiori aktibatzen badugu, bai norbanako gisa eta bai entitateen barruan saltoa ikaragarri handia izan liteke. Hurrengo Euskaraldian sakontzeko aukera ikaragarria izan dezakegu.

Topagunearen azken lan-lerro nagusia Euskaraldia izan da, baina baditu beste batzuk ere. Bere jardueraren zati garrantzitsu bat betidanik kultura eta aisialdia ere izan da. Azken urteotako proposamen asko gazteei zuzendutakoak izan dira. Nola ikusten dituzue belaunaldi gazteak?

E.L.: Nire ustez, arriskutsua da belaunaldi gazteak edozein orokortasunetan sartzea, ez baita gauza bera 13 urteko bat edo 20 urteko bat, edo herri bateko bat eta beste bateko bat. Gazteek, oro har, hezkuntzan euskara jaso dute. Beraz, ia %100 euskara ulertzeko gai dela esan daiteke. Ez dut uste hitz egiteko gai direnik denak, baina uste dut zuk, Kike, badituzula datuak.

K.A.: Bai. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako iparraldean, ia-ia ezagutzaren unibertsalizazioan gaude, 25 urtetik beherakoan. Nafarroako zona mistoa esaten zaion horretan ere, gazteen artean ezagutza nahiko altua da. Iparraldean, oraindik kopurua txikian izan arren, badoa hobetzen. Adin horietan potentzialitate ikaragarria dugu.

E.L.: Jende horri komunitate bat eskaini behar diogu. Gasteizko auzo baten euskaraz ikasi duen eta euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai den ume batek ez badu gero non erabili, alferrik ari gara hainbeste baliabide erabiltzen gero alferrik xahutzeko. Hori da, beraz, gure komunitatearen zereginetako bat. Jende horri komunitate bat eskaintzea, aukera batzuk ematea. Eskaintzen badizkiegu, eurek topatu beharko dute bidea. Guk ere gazteak ezin ditugu derrigortu bide bat aukeratzen. Eurek egin behar dute. Guk ahalegina egin behar dugu espazioak, bideak eta aukerak eskaintzeko, haiek ikus dezaten egin duten esfortzu hori baliagarria dela. Bestalde, gazteez hitz egiten dugu, baina momentu honetan populazioak gehiago jotzen du goitik behetik baino. Euskal Herrian, oro har, jendea nagusia da, eta gizartean eragin handia duen jende heldu asko dugu. Horiei ere aukerak eskaini behar zaizkie gure komunitatean aktibatzeko eta aktibista izan daitezen euskararen munduan. Euskaltzaleen mugimendutik horiei ere bide emateko aukera asko ditugula uste dut.

K.A.: Gazteei buruz hitz egiten denean... anekdota bat kontatzea gustatuko litzaidake. Galtzaundiko azken zuzendaritza duela gutxi berritu zen eta gazte asko sartu da. Emakume gazte asko sartu da, eta Tolosalde mailako egitura egin dugu. Kezketako bat ere bada nola iritsi belaunaldi gazteetara, kontuan hartuta Euskaltzaleen Topagunea mugimendu heldu bat dela. Hori ere hala da, urte batzuk daramatza eta ez da mugimendu sortu berria. Beraz, hor badugu barne hausnarketa bat egin beharra gazte mugimendu horri lekua egiteko, euren ahotsak entzuteko eta protagonismoa emateko. Baina askotan entzun izan dugu nola lortu gazteek euskaraz egin dezaten. Eta azkenengo zuzendaritzan gure kudeaketa plana errebisatzen ari ginela, partaide guztiok gure ekarpenak egin genituen, eta esaldi  bat irakurri izanaz poztu nintzen: "Nola lortu helduek euskaraz gehiago egitea?". Gazte batek egin zuen ekarpena izan zen, eta esan nion: “Begira, ez dut inoiz entzun esaldi hori helduak hitzarekin”. Horrek ikuspegi aldaketa bat datorrela esan nahi du, eta ikuspegi aldaketa horrek esan nahi du: “Zuek zarete euskaraz hitz egiten ez duzuenak edo gutxi egiten duzuenak, eta hasi adibide ona ematen".  Nire ustez, gure belaunaldiak bi erantzukizun handi ditu, euskaldunak ala erdaldunak izan. Bata da ahalik eta euskara gehien egitea eta bigarrena, baldintzak sortzea askoz ere euskaldunagoa den belaunaldi berri horrek euskaraz egin ahal dezan. Hor mezu indartsu bat dago entitateei begira. Hau da, "nahiz eta zuek egiteko gai ez izan, aukerak sortu behar dituzue, eta hori bada zuen erantzukizuna datozen belaunaldiak aukerak izan ditzan". Horregatik, oso itxaropentsu nago gazte munduari begira.

Denbora gainera etorri zaigu. Elena, akaso, elkarrizketa ixteko, gomendiorik edo aholkurik lehendakari berriarentzat?

E.L.: Disfrutatzeko, ondo pasatzeko, eta seguru lan ikaragarria egingo duela. Eta ez du beharrik izango, baina badaki non nagoen; kar, kar, kar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide