Bizenta Mogel ipuin lehiaketarako lanak aurkez daitezke

Iazko edizioko sarituak eta lehiaketaren antolatzaileak.

18 urtetik gorakoek parte har dezakete lehiaketan, eta horiek urriaren 31ra bitartean aurkez ditzakete ipuinak.

Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Udalak XXXVII. Bizenta Mogel ipuin lehiaketa antolatu dute elkarlanean, euskara eta literatura indartzeko eta goraipatzeko zein sortzaileei aukera bat emateko asmoz. Antolatzaileek dagoeneko kaleratu dituzte haren oinarriak, eta herritarrek urriaren 31ra bitartean izango dute ipuinak aurkezteko aukera. Epamaihaiak abenduan emango du saridunen berri, eta sari banaketa otsailean egingo dute. Lehenengo hiru saridunek 600, 400 eta 300 euroko sariak jasoko dituzte hurrenez hurren, oroigarri banarekin batera.

Adin nagusiko edozein pertsonak har dezake parte lehiaketan, eta horiek euskaraz idatzi beharko dituzte kontakizunak. Lau eta hamar orrialde aldeko lanak aurkeztu beharko dituzte idazleek, orriaren alde batean eta tarte bikoitzaz idatzita. Azkoitiko udaletxean aurkeztu behar dira ipuinak; Azkoitiko Udala, Herriko enparantza z/g. 20720 Azkoitia helbidean, hain zuzen ere. Ipuinak goitizen batekin izenpetu beharko dituzte, eta horrekin batera goitizen berdina daraman itxitako beste kartazal bat ere aurkeztu beharko dute, egilearen datu pertsonalak zehaztuz. Lanek originalak eta inon argitaratu eta saritu gabekoak izan beharko dute.

Iaz, 20 lan aurkeztu ziren, eta epaimahaiaren esanetan, urtez urte goraka doa aurkezten diren ipuinen kalitatea. Joan zen urtean, Marijoxe Azurtza donostiarrak jaso zuen lehen saria, Laranja koloreko gela lanagatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide