Udalak esleipenera atera du igerileku eta aldagela berrien erredakzio proiektua

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 19a, 15:13

Atzo, asteazkena, Zubiaurre-Elkarguneko igerilekuaren eta aldagela berrien exekuzio proiektuaren erredakzio lana esleipenera atera zuen Azkoitiko Udalak. Urriaren 3a, osteguna, izango da proposamenak jasotzeko azken eguna.

Azkoitiko Udalak lizitaziora atera du Zubiaurre-Elkarguneko igerilekuaren eta aldagela berrien exekuzio proiektuaren erredakzio lana. Proiektuaren erredakzioaz gain, obren eta exekuzioaren zuzendaritza nahiz obrako segurtasunaren eta osasunaren koordinazio lanak ere kontratuaren barruan sartuko dira. Esleipendunak lau hilabeteko epea izango du proiektua erredaktatzeko, eta 175.450 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango du horretarako.

Lizitazioaren iragarkia atzo, asteazkena, argitaratu zen, eta interesdunek proposamenak aurkezteko gaurtik hasita hamabost egun naturaleko epea izango dute. Beraz, urriaren 3a, osteguna, izango da proposamenak jasotzeko azken eguna.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak adierazi duenez, igerileku berriaren idazketa proiektua 2019ko aurrekontuetan sartuta dago, eta "hilabete gutxi barru" proiektua eskuartean izango dutela azaldu du. Horrez gain, alkateak jakinarazi du finantzazio iturriak aztertzen jarraituko dutela, proiektuaren esku-hartzea "garestia" dela argudiatuta. Egin duten balorazioaren arabera, miloi eta erdiko aurrekontua izango du proiektuak; edonola ere, ez daudela "geldirik" adierazi du: "Aurrera goaz, egungo instalazioak handitzeko borondate osoa dugulako". 

Bestalde, Udalak azaldu duenez exekuzio proiektuak Sestra enpresaren azterlana izango du oinarri. Izan ere, joan den urtean Udalak igerilekuak handitzeko egon zitezkeen alternatibak lantzeko azterlana eskatu zion Sestra enpresari, eta bost alternatiben artetik bat lehenetsi zuen enpresak. Ondoren, interes-taldeei aurkeztu zitzaien azterlan hura. Onesten den aukeraren arabera, igerileku berria egungo belar artifizialeko futbol zelaian kokatuko da, eta orain dauden igerilekuak mantendu egingo dira. Futbol zelaia, berriz, saskibaloi kantxa dagoen tokira lekualdatuko litzateke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide