Organoa ardatz hartuta ondu duen liburua aurkeztuko du Esteban Elizondok Intsausti jauregian

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 19a, 09:29

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak larunbaterako antolatu du ekitaldia, eta hango Adiskide Numerario den organistak bere lanaren berri emango du. Musika emanaldiarekin borobilduko dute aurkezpena.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldi akademikoa antolatu du datorren larunbaterako, hilaren 21a, Azkoitiko Intsausti jauregian. Hain zuzen ere, Esteban Elizondo organo-jotzaile eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Adiskide Numerarioak Escritos diversos en torno al órgano liburua aurkeztuko du jauregian, eta elkarteak musika emanaldiarekin uztartuko du saioa.

Elizondok hainbat gai jorratu du gaztelaniaz ondu duen liburuan; besteak beste, organoak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historian izan duen presentzia, musika tresna horrek artean eta literaturan izan duen eragina eta azken mende erdian organoaren bueltan Gipuzkoan antolatu dituzten egitasmoak azaldu ditu. Era berean, lurralde horretan dauden organoak eta horien zahaberritze lanak ekarri ditu gogora. Organista donostiarrak 70 argazki baino gehiagorekin eta Antonio Oteiza, Xabier Obeso, Juan Torregarai, Tomas Hernandez Mendizabal, Iñaki Alvarez, Zaloa Elizondo, Rafael Munoa, Juan Pagola eta Javier Sagarzazu artisten irudiekin osatu du liburua.

Larunbatean, 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta Elizondok ez ezik, elkarteko beste zenbait lagunek ere parte hartuko dute, hala nola Luis Elizegi Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidenteak eta Ignacio Arakistan liburuan hainbat ekarpen egin duen musikariak. Ondoren, musika emanaldia eskainiko dute Miriam Muñoz biolin-jotzaileak eta Arakistainek. Azken horrek fortepianoarekin taularatuko ditu piezak, eta bikoteak Joaquin de Oxinagak, Wolfgang Amadeus Mozartek eta Franz Peter Schubertek konposatutako abestiak eskainiko ditu jendaurrean.

Liburua ekitaldian bertan jarriko dute salgai, 25 euroan, eta interesa dutenek 943-21 21 72 telefonora deituta edo estebanelizondo@hotmail.com helbidera idatzita ere eskuratu ahal izango dute lana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide