280 pertsonak parte hartu dute udako bisita gidatuetan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 18a, 10:54

Ezagutu Azkoitiko Altxorrak egitasmoak harrera "oso ona" izan duela adierazi du Udalak. Bisitariak Urola eskualdetik, Bilbotik, Madriletik edota Argentinatik etorri dira.

Azkoitiko ondareaz gehiago jakiteko asmoz, bisita gidatuak antolatu ditu Udalak uda honetan. Ezagutu Azkoitiko Altxorrak egitasmoaren baitan, Santa klara komentua, parrokia, plaza edota Intsausti jauregia ezagutzeko aukera izan dute bisitariek.

Guztira, 280 pertsonak parte hartu dute bisitetan, eta batez beste, 27 laguneko taldeak sortu dituzte. Beraz, "orokorrean, oso harrera ona" izan duela egitasmoak adierazi du Udalak. Talderik jendetsuena irailaren 8an bildu zen. Izan ere, Azkoitiko gune historikoa ezagutzeko bisitan 50 lagun inguru elkartu ziren. Bisitariei dagokienez, azkoitiarrez gain, Azpeititik, Elgoibartik, Zumaiatik edota Bilbotik etorri dira bisitariak. Madriletik, Sevillatik, Leondik, Segoviatik edo Argentinatik etorritakoak ere izan dira.

Bisitak gidatzeaz Juan Bautista Mendizabal historialaria arduratu da, eta bere esanetan gehiengoa inguruko jendea izatea "oso seinale ona da. Hherriko ondarearen inguruko kontzientziazioa badagoela erakusten du. Gainera, preskriptoreak ezagutu ditut. Hau da, bisitaz gozatzeaz gain, beste batzuei herriko interes guneak gomendatzen dizkiete eta hori oso garrantzitsua da”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide