Xakelariek udaletxea hartu dute, Anaitasuna Kakuteren 40. urteurrenaren ospakizunen barruan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 15a, 12:16

32 jokalari lehiatu dira Azkoitiko klubak antolatutako lagunarteko txapelketan. Urteurrenaren oroigarria eman diote Anaitasuna Kakutekoek udalari eta Javier Zubizarreta alkateak egin du ohorezko sakea.

Udaletxeko areto nagusia xake jokaleku bihurtu dute gaur goizean Anaitasuna Kakutekoek. Klubaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, lagunarteko txapelketa antolatu dute gaurkorako Azkoitiko xakelariek, eta ez ohiko agertokia bera protagonista bihurtu da, lehiakideekin batera.

Anaitasuna Kakuteko hamasei xakelari txapelketara gonbidatutako beste hainbat klubetako beste hainbeste xakelarirekin lehiatu dira gaurko hitzorduan. Guztira, 36 jokalari aritu dira nor baino nor; ordubeteko partida luzeak jokatu dituzte aurrena, eta atsedenerako tartea hartu ondoren, bost minutuko partida azkarrak jokatuz osatu dute txapelketa.

Lehia hasi baino lehen, Anaitasuna Kakuteren ordezkariek Azkoitiko Udalak klubari urteetan emandako babesa eta laguntza eskertu nahi izan dute. Horrela, Jose Luis Fernandez presidenteak udalari zuzendutako oroigarria eman dio Javier Zubizarreta alkateari, eta alkatea bera izan da txapelketaren ohorezko sakea egin duena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide