Goenatxo III.ak ezin izan du marka berririk ezarri

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 14a, 21:28

Aurretik 187,5 kiloko kubikoa aurrenekoan jasota, 225eko harri errektangularra ezin izan du altxatu azkoitiarrak, bi aldiz saiatu ondoren.

Jon Unanue Goenatxo III.a helburua bete ezinda gelditu da gaur arratsaldean Gurea pilotalekuan. Marka pertsonal berria ezarri nahi zuen harri-jasotzaile azkoitiarrak, bost minutuko saio bakarrean 187,5 kiloko kubikoa eta 225 kiloko errektangularra jasota, baina markarik gabe gelditu da.

187,5 kiloko kubikoa lehendabiziko ahaleginean eraman du sorbalda gainera. Ikusleak txaloka ari ziren bitartean harri-jasotzaileak berak hain gustura gelditu ez izanaren imintzioak egin dituen arren, marka ahalegina bide onetik hasi da, horrenbestez. 175 kilokoari berotze aldera altxaldi bat eman ondoren ekin dio harri pisutsuena altxatzeari. 225 kiloko errektangularrak, ordea, eskuetatik ihes egin dio, iztarretatik gorputzera gerturatzeko kolpea ematen hasi denean. Denboraren barruan zegoenez, 225ekoarekin bigarren ahalegin bat egiteko tartea izan du, baina azken saiakera horretan ere harria berdintzetik urrun gelditu da.

Jaialdiaren une nagusira iritsi aurretik, ordu erdiz luzatu den erakustaldia eskaini dute bost kirolarik. Aimar Galarraga oriotarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra -hasieran iraharrita zegoen Imanol Illarramendi Kortaberriren ordez- aritu zira nor baino harri jasotzen, eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra, berriz, aizkoran.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide