Belar artifizialezko beroketa gunea egokitu du Udalak Txerloian

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 13a, 16:00

Jokalarien entrenamendurako eta beroketetarako gune bat egokitu du Udalak Txerloian. Horrez gain, futbol zelaiaren irisgarritasuna hobetzeko sarrera nagusiko ate pareko eskailera ere kendu dute. Udaleko kideen arabera, gune berri horrek zelaia "mantentzen" lagunduko du.

Azkoitiko Udalak belar artifizialezko gune berri bat egokitu du Txerloian, jokalariek beroketak bertan egin ditzaten jokatu aurretik. Harmailen alboan dagoen lurzoruan jarri dute gunea, eta guztira, 250 m2 ditu. Udaleko kideek adierazi dutenez, gune berri horrek zelaia "mantentzen" lagunduko du, eta kalte gutxiago eragingo da zelaian.

Horrez gain, futbol zelaiaren irisgarritasuna hobetu du Udalak. Hain zuzen ere, espaloiaren eta errepidearen arteko tartea desagertzeko sarrera nagusiko eskailera-maila kendu dute. Horrez gain, desgaitasuna duten pertsonentzako bi aparkaleku ere jarriko dituzte.

Beroketa gune berriaren lanek 28.753 euroko aurrekontua dute. Futbol zelaiaren irisgarritasuna hobetzeko lanek, berriz, 5.538 eurokoa.

Hobekuntzen jarraipena

Iaz hasi zituen Udalak Txerloia hobetzeko lanak. Batetik, egurrezko oholak kendu eta eserleku berriak jarri zituzten harmailetan; eta bestetik, markagailuen ingurua estali zuten zaletuentzat erosoagoa izan zedin. Horrez gain, futbol zelaiaren sarreran txarteldegi berri bat jarri zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide