Unai Izagirre: "Niretzat Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa erakusleiho oso ona da"

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 4a, 09:51
Unai Izagirre.

Unai Izagirrek (Azkoitia, 1995) bere bertsolari ibilbide laburreko orain arteko hitzordurik garrantzitsuena izango du bihar. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenetako zazpigarren eta azken saioan kantatuko du, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, 17:00etan hasiko den saioan. Txapelketaren "erakusleihoa ahalik eta ondoen aprobetxatzea eta plazaz gozatzea" dira aurten txapelketan lehiatuko den azkoitiar bakarraren helburu nagusiak.

  • Lehen aldiz aurkeztu zara Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara, eta sailkatzea lortu duzu.

Duela lau urte hasi nintzen bertso eskolan, aurreko Gipuzkoako txapelketaren saltsa horren bueltan, hain zuzen ere; horrelaxe tokatu zen. Beraz, nahiko berria naiz bertso eskolan, eta bai, lehenengo txapelketa da hau niretzat. Aita bertsolaria zen, duela 30 bat urte parte hartu zuen hark ere txapelketan eta horretaz asko hitz egin izan dugu etxean. Nahiz eta neu berandu hasi, bertsoa asko jan dugu guk etxean, baina niretzat ez da umetatik datorren afizio bat izan. Gerora, 16 urtetik aurrera, batarekin eta bestearekin hasi eta, betikoa: parranda giroan hasten zara bertsoak botatzen, lagunartean, probatzera animatzeko esaten dizute... Desafio antzeko bat egin genuen hemko taberna batean, bi biren kontra: ondo atera zen eta uste dut hura izan zela azken bultzada, bertso eskolan hasteko eta probatzeko.

  • Kolpea jo eta lehenengoan asmatu duzula esan daiteke, beraz?

Horrelako zerbait, bai.

  • Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik iritsi zara txapelketa nagusira. Nola gogoratzen duzu udaberriko esperientzia hura?

Maiatzean kantatu nuen, Mutrikun, eta han lortu nuen sailkapena. 84 bertsolari aritu ginen sailkapen fasean, 42ko bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko 17 bertsolarirentzat zeuden fase nagusirako txartelak, puntu gehien lortzen zituzten 17entzat. Nire kasuan, saioan bigarren sailkatu nintzen, eta guztira, A multzoan hamargarrena izan nintzen puntu kopuruan.

  • Hasiberria izanda, espero al zenuen sailkatzea?

2018ko udazkenean eman behar zen sailkapen faserako izena eta zalantza batzuk eduki nituen, egia esan. Gipuzkoako Txapelketa zen eta errespetua zor diozu horrelako txapelketa bati, mailari dagokionez eta. Neure buruari konpromisoa jarri nion, sei hilabete nituela aurretik eta prestatuko nintzela. Ondo irten zen eta ez naiz batere damutzen.

  • Final zortzirenetako azken saioan kantatzea egokitu zaizu, bihar, Lasarte Orian. Mikel Artola, Iñaki Zelaia, Eneko Araiztegi, Aitor Salegi eta Oier Aizpurua izango dituzu lehiakide. Nola ikusten duzu saio hori?

Udaberriko hartan 84 atera ginen eta 34 pasatu ginen aurrera. Orain sartu direnak, berriz, aurreko txapelketan maila ona erakutsi zutenak dira. Orduan, uste dut antzemango dela mailak koska bat gora egingo duela, eta aurrera egin nahi duenak egin, egin beharko du bertsotan. Neure burua ondo ikusten dut, konfiantzaz. Zarauzko Lizardi Sarian parte hartu nuen irailean eta oso gustura ibili nintzen. Gogotsu nago, bai.

  • Maiatzetik dakizu txapelketan egongo zarela. Nola prestatu zara txapelketarako? Noiztik eta nola ari zara lanean?

Maiatzeko saioa prestatzeko dezente aldiz elkartzen ibili ginen Azpeitiko eta Azkoitiko gazteak. Hura pasatutakoan, hilabete inguruko atsedena hartu genuen, deskonektatzeko, erritmo harekin jarraituz gero irailera erreta iritsiko ginelakoan. Udan, beraz, nahiko lasai ibili naiz. Abuztu bukaeran hasi ginen berriro prestaketa lanekin; orduan hasita, astean bi-hiru alditan elkartzen ibili gara, bertsotan egiteko.

  • Zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian ofizio bana, binaka; bi punturi erantzun eta kartzelakoa. Horiek dira biharko saioan egin beharko dituzun lanak. Zer lanetan sentitzen zara erosoen eta zein da buruhauste gehien ematen dizuna?

Sailkapen faseko saioko lan bertsuak dira. Aldatzen den bakarra da, kartzelako lanean bi bertso zirela sailkapen fasekoan, eta orain hiru bertso kantatu beharko ditugula. Eta hirugarren bertso horrekin badut halako zera bat... Ez dut beldurra denik esango, baina bakarkako saioan bi bertso kantatzetik hiru kantatzera, dezente aldatzen da kontua. Hiru bertsorekin, istorio bat sortu eta garatu behar duzu. Ea zer ateratzen den. Bestela, ofizioetan zein puntu erantzunetan oso gustura sentitu izan naiz.

  • Zer da zuretzat horrelako txapelketa batean parte hartzea?

Gaur egungo moldeei begiratuta, nahiko berandu hasi nintzen bertsotan. Nire adinekoen artean molde tipikoena da umetatik hastea, eskolarteko txapelketatik pasatzea, horietan nabarmentzen bazara gazteentzako sariketetan hastea, eta gero Gipuzkoako Txapelketara jauzia egitea. Nire kasuan, Gipuzkoako Txapelketa da hautu propioz izena eman dezakezun txapelketa bakarra, sariketetan parte hartzeko deitu egin behar izaten baitizute. Beraz, niretzat Gipuzkoako Txapelketa erakusleiho oso ona da. Aukera handi baten moduan bizi dut. Lan txukun bat eginez gero, ea ate batzuk irekitzen diren; ideia horrekin eman nuen izena. Zortez edo merituz ez dakit, baina ondo irten zait eta ilusioarekin ari naiz bizitzen.

  • Ohiko molde horretatik at dagoen bertsolaria izanda, zailagoa al da zuretzat bertsotarako plazak izatea? Zer esperientzia pilatu duzu alde horretatik lau urteotan?

Azkoitiko bertso eskolan hasi, bertsotan ikasi eta hobetzen joatea izan da lau urteotako bilakaera. Plaza solteren bat edo beste egin ditut, baina oso gutxi. Lizardikoa, adibidez, nire lehen sariketa izan zen; finalean sartu nintzen, eta oso gustura. Ilusioarekin bizi dut bertsoa, oso ondo pasatzen dut oholtzan.

  • Plazagizona al zara?

Nahiz eta bertsotan oso plaza gutxi egindakoa izan, esan dezaket behintzat ohituta nagoela plazara, trikitilari gisan dezente egin izan ditudalako. Jende aurrean jardutera ohituta nago, txistulari moduan ere ibilia naiz txikitatik. Gainera, gustatu egiten zait, ez da ez nauela beldurtzen bakarrik; ondo pasatzen dut.

  • Egin dituzun plaza gutxi horien artetik, zeinekin gelditzen zara? Zer plaza mota duzu gustukoen?

Lizardi sariketako finalean, esaterako, asko gozatu nuen. Bertso hobeak eta okerragoak botatzen dituzu beti, eta han ere bai, baina oso ondo pasatu nuen. Bertso afari bat edo beste ere egin izan ditut. Azkenean, bertsokidearekin konfiantza baldin badaukazu, gozatu egiten duzu bertsotan.

  • Bertsolari beteranoagoen artean ohikoa izaten da txapelketekiko amodio-gorroto antzeko sentipena, txapelketa kontzeptu beraren gaineko eztabaidak ere bai. Zuretzat, zer da txapelketa hau?

Oso gutxi probatu dut nik orain arte txapelketatik eta gozotik bakarrik probatu dut momentuz, ezin dut ezer txarrik esan. Egia da egurra ere ematen duela, kantatu behar duzun aste horretan eta egunean bertan urduritasuna nabaritzen duzu. Unibertsitateko azterketa garaia bezalakoa da: bukatutakoan bai ederra, baina tartean zeure kalbarioa pasatzen duzu. Eta, nola ez, bertso txarren bat botatzen baduzu, momentuko tratua inork ez dizu kentzen.

  • Zer espero duzu txapelketaz? Erronkarik jarri al diozu zeure buruari?

Beti esan izan dut, eta beti esango dut, txapelketa txapelketa den momentutik, lehia dela. Txapelketa honetan irabaztea ez da nire helburua, noski, baina iruditzen zait edozein lehiatara joan behar zarela beti irabazteko mentalitatearekin. Ikusiko da gero zer irteten den, baina ez da ondo pasatzea bakarrik, txapelketa bat da eta ahal duzun ondoen egiten saiatu behar zara. Ia seguru nago gozatu egingo dudala, uste dut horretarako ahalmena badaukadala; egunik borobilena eduki ez arren, neure buruarekin konforme geratzeko gaitasuna. Nire helburuak, beraz, erakusleihoa ahalik eta ondoen aprobetxatzea eta plazaz gozatzea izango dira. Txapelketari zor diogun maila ematea espero dut, eta ea ezustekoren bat emateko gai garen, aurrera egiteko hautagaien artean ez nagoela badakidan arren. Final laurdenetara pasatzen baldin bagara, berriz, hor segituko dugu borrokan.

  • Zein da, zuretzat, aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazteko faboritoa?

Bertsolari asko dago, eta ondo egiten duten bertsolariak ere bai. Betikoak hor egongo dira, Beñat Gaztelumendi eta hauek. Poz handia hartuko nuke nire belaunaldikoren batek, 25 urtetik beherakoren batek, finalaurrekoetarako edota finalerako pausoa emango balu. Uste dut batzuk badaudela ezustekoa emateko moduan. Finalean aurpegi berriren bat ikusiko dugula esango nuke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide