200 pertsona inguru aterako dira bihar Mangaixue bizikleta martxan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 13a, 10:20

Bihar, zapatua, Mangaixue bizkleta martxa izango da, eta 200 parte hartzaile aterako dira proban. 15:15ean aterako dira txirrindulariak Plazaberritik, eta bi ibilbide izango dira: luzea (30 km) eta motza (20 km).

Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, Mangaixue bizikleta martxa egingo dute bihar, zapatua, 15:15ean hasita. Laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta guztira, 200 pertsonak parte hartuko dute martxan. Internetez nahiz Uhaitz kafetegian eman zitekeen orain arte probarako izena, baina gaurtik aurrera, egunean bertan soilik eman ahalko da izena martxan, 15:00ak arte.

Bi ibilbide izango dira: batetik, luzea, 30 kilometrokoa eta 1.100 metroko malda positiboa duena; eta bestetik, motza, 20 kilometrokoa eta 900 metroko desnibel positiboa duena. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo ibilbidea ez da iazkoaren berdina izango, eta hainbat aldaketa egin dituzte. Martxan zehar Txalintxo, Samiño, Pagotxeta nahiz Olotzatik igaroko dira parte hartzaileak, besteak beste. Urtero legez, ibilbideko zenbait puntutan anoa guneak ezarriko dituzte lehiakideentzat, eta martxaren amaieran, jan-edanaz gain, dutxak eta mangerak egongo dira parte hartzaileentzat. Horrez gain, hainbat opariren zozketa ere egingo dute.

Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute biharkoa ez dela proba "lehiakorra" izango. Ibilbideko hainbat zatitan, gainera, bidegorritik pasako da proba. Hori dela eta, Anaitasuna Mendi Bazkunako kideek bidean "kontuz" ibiltzeko eta handik ibiliko direnak "errespetatzeko" deia egin diete parte hartzaileei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide