Irailaren 28an izango da III. Lasterketa Solidario Inklusiboa

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 12a, 12:48
III. Lasterketa Solidario Inklusiboaren aurkezpena, Azkoitian.

Atzo, asteazkena, aurkeztu zuen Ttipi Ttapa elkarteak irailaren 28an Azkoitian egingo den III. Lasterketa Solidario Inklusiboa. Aurten lortutako dirua Marea Urdinarentzat izango dela azaldu dute antolatzaileek. Aurreko edizioetako datuak "mantentzea" dute helburu antolatzaileek.

Irailaren 28an, larunbatez, izango da Ttipi Ttapa elkarteak antolatzen duen lasterketa solidarioaren hirugarren edizioa. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten lasterketa elkarteko kideek eta aurkezpenean izan zen Angel Martin, Azkoitiko Udaleko kirol zinegotzia ere. Elkarteak adierazi duenez, lasterketaren aurtengo helburua aurreko edizioetako datuak "mantentzea" edo "gainditzea" dira.

Goizeko 10:00etan dortsal banaketa egingo dute, eta ondoren, 11:00etan haurrentzako jolasak izango dira Abarketatxo ludotekaren eskutik. Eguerdi partean festak eta aldarriek ez dute etenik izango, Urolatarrak txarangarekin kalejira izango baita. Horrez gain, 16:30etik aurrera, DJ animazioa izango da.

Lasterketei dagokionez, 17:00etan aterako da umeen lasterketa: 7 urte arteko haurrek 400 metro egin beharko dituzte korrika; 7 eta 10 urte bitarteko haurrek 800 metro; eta 10 eta 12 urte arteko haurrek, 1.200 metro. 18:00etan, berriz, helduen lasterketa aterako da, eta lau kilometro egin beharko dituzte korrika nahiz oinez. Behin lasterketak amaituta, sari banaketa egingo dute 19:00etatik aurrera. 

Lasterketan izena emateko hiru modu daude: batetik, www.azkoitia.eus webgunean eta Azkoitiko udaletxean; eta bestetik, Torrezurin jarriko duten erakusketaren aurrean. Honako egun eta orduetan:

  • Irailaren 16, 18, 23, 24, 25, 26 eta 27an, Torrezurin.
  • Irailaren 14an eta 21ean, Eliz atarian.

Umeek hiru euro ordaindu beharko dute lasterketan izen-ematea, eta helduek hamar euro. Egunean bertan, berriz, hamabost euro ordaindu beharko da izen-ematea.

Aurten, lasterketan bildutako dirua Marea Urdinarentzat izango da. Haiek adierazi zutenez, autismoaren inguruan lanean hasi arren, beraien lan esparrua "asko zabaldu" da, eta egun, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa lortzeko lanetan ari direla azpimarratu zuten. Hain zuzen ere, elkartearen helburuak aniztasun funtzionala duten pertsonen eta familien beharrak "antzematea", eta horrelako egoeren aurrean gizartea "sentsibilizatzea" eta erakundeetara jotzea direla azaldu zuten.

Hainbat berrikuntza izango da edizio honetan, asteburu osora zabaldu baitute antolatzaileek sentsibilizazio ekimena. Lasterketa irailaren 28an izango den arren, ostiralean, hilak 27, hasiko dira ekitaldiak. Izan ere, Marea Urdinak bere filma aurkeztuko du Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Honako lotura honetan ikus daiteke filmaren trailerra. Horrez gain, asteburu osoan zehar sentsibilizazio erakusketa izango da Torrezurin Marea Urdinaren eskutik.

Hona hemen egitarau osoa:

Irailak 27, ostirala:

  • 19:00etan, Marea Urdinaren aurkezpena, Baztartxon.

Irailak 28, zapatua:

  • 10:00etan, dorsal banaketa.
  • 11:00etan, haurrentzako jolasak, Abarketatxo ludotekaren eskutik.
  • 12:00etan, Urolatarrak txarangarekin kalejira.
  • 16:30ean, DJ animazioa.
  • 17:00etan, umeen lasterketa.
  • 18:00etan, helduen lasterketa.
  • 19:00etan, oparien zozketa jaiaren itxiera.

Asteburu osoan zehar, Marea Urdinaren eskutik sentsibilizazio erakusketa izango da Torrezurin.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide