Udalak arau subsidiarioak aldatuko ditu, Azkoitiak "lehenbailehen" lurzoru industriala izan dezan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 11a, 11:02

Udaleko ordezkariek arau subsidiarioak aldatzeko asmoa adierazi zuten atzo, asteartea, Sidenor enpresara egindako bisitan. Horrez gain, herriko langabezia datuak eman zituzten Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia alkateordeak; haiek adierazi zutenez, %8,3 izan zen abuztuan herriko langabezia tasa, hau da, 470 azkoitiar zeuden lanik gabe.

Enplegua sustatu eta "aberastasuna" sortzeko ahaleginetan, Azkoitiko Udalak arau subsidiarioak aldatzeko asmoa adierazi zuen atzo, asteartea, Sidenor enpresara egindako bisitan. Udal ordezkarien arabera, Azkoitiko lurzoru industriala "agortuta" dago, besteak beste, Ugarte edo Umansoro industrialdeetan Sistemas Esselle edo Xubi Engranajes enpresak zabaldu egin direlako.

Joan den abuztuko langabezia tasa ere izan zuten hizpide udal ordezkariek atzoko bisitan. Javier Zubizarreta alkateak azpimarratu zuen, industria sarean egindako "esfortzuari" eta erakundeen nahiz agente ekonomikoen laguntzari esker, herriko langabezia tasak beheranzko joera duela. Zubizarretak emandako datuen arabera, %8,3koa izan zen abuztuan Azkoitiko langabezia tasa; %6,35 gizonezkoena eta %10,7 emakumezkoena. Guztira, 470 pertsona zeuden lanik gabe joan den hilean, iazko abuztuan baino 60 herritar gutxiago. 

Horrez gain, Zubizarretak eta Azkoitiak Sidenor enpresa bisitatzeko aukera izan zuten. Besteak beste, enpresaren ekoizpen prozesua nahiz produktuen kalitatea ezagutu zituzten udal ordezkariek, eta Zubizarretak enpresa eta  bertako langileak zoriondu zituen konpainiak egindako ibilbide guztiagatik. Bisitan, Udalak tokiko industriarekin duen "konpromisoa" azpimarratu zuten Zubizarretak eta Azkoitiak. Ildo beretik, industriak herriko enpleguan duen "pisua" azpimarratu zuten udal ordezkariek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide