Goenatxo III.a: "Egindako lanak ikusita, marka ezarriko dudalakoan nago"

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 10a, 13:15
Goenatxo III.ak 2016an ezarri zuen marka pertsonala azkenekoz. (Ibon Errazu)

Marka pertsonal berria ezartzen ahaleginduko da Jon Unanue 'Goenatxo III'.a larunbatean. Bost minutuan, 187,5 kiloko kubikoarekin eta 225 kiloko errektangularrarekin ahalik eta altxaldi gehien saiatuko da harri-jasotzaile gaztea, Gurea pilotalekuan. Herri kirol jaialdirarekin borobilduko dute saioa.

Larunbatean, hilaren 14an, bere ibilbideko hirugarren marka saiakera egingo du Jon Unanue Goenatxo III.a harri jasotzaileak. Gurea pilotalekuan eskainiko du erakustaldia azkoitiarrak, eta honako lan hau egin beharko du: bost minutuan, 187,5 kiloko kubikoarekin eta 225 kiloko errektangularrarekin ahalik eta altxaldi gehien egitea. Zera ezarri dio bere buruari: "Aurreneko lana izango da bi harriak behintzat altxatzea, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den; ondo baldin banago, harrietako bat altxatuko dut beste behin, baina harri handiak dira, eta horiek ez daude askotan jasotzerik".

Errekor saiakeraren atarian, "nahiko ondo" sentitzen dela adierazi du Goenatxok, eta orain arteko entrenamenduak ere bide onetik doazela azpimarratu du. Dena den, zuhur da azkoitiarra: "Etxean gustura jardun dut entrenatzen, baina plazak urduritasuna sortzen du, eta hori eramaten jakin egin behar izaten da. Entrenamenduetan ondo sentitu naiz, eta egindako lanak ikusita, marka ezarriko dudalakoan nago. Baina egunean bertan, behin plazara irtendakoan... Ez dakit zer gertatuko den".

Azkena, 2016an

Azkenengoz, duela hiru urte ezarri zituen marka pertsonalak harri-jasotzaile gazteak. San Andres egunez, 175 kiloko kubikoari bi altxaldi eman zizkion hiru minutuko tartean, eta 213 kiloko harri koadroari bi altxaldi eman zizkion hiru minutuko lanean. Orduko lorpena gogoan, oraingorako hamabi kilo eta erdi gehiago pisatzen duten harri bana aukeratu ditu bere ibilbidean beste urrats bat egiteko: "Pixkanaka gora joatea nahiko nuke. Ea aurten lortzen dudan marka jartzea, hurrengo urtean ere beste saiakera bat egin dezadan".

Duela bizpahiru hilabetetik ari da prestatzen larunbaterako, baina uda bete-betea izan du harri-jasotzaileak, hainbat erakustaldi eskaintzea egokitu izan baitzaio Euskal Herriko txokoetan. Hori hala, azkoitiarrak adierazi du ahal izan duenean heldu izan diela larunbatean plazaratuko dituen harriei. Bide horretan, gainera, aitaren laguntza du gazteak, entrenamenduetan ere ondoan izan baitu Goenatxo II.a. Hark esandako hitzak ere kontuan ditu semeak: "Etxean lana ondo egin dudala eta larunbaterako lasai egon nadila esaten dit aitak".

Larunbatean, 18:30ean hasiko da Goenatxo II.aren marka saiakera, eta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du proba. Saioa borobiltzeko, gainera, herri kirol jaialdia ere prestatu dute egun horretarako: harri-jasotzen ariko dira Kortaberri eta Galarraga, eta aizkoran ariko dira Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide