Udako atsedenaren ostean, ohiko jardunera itzuliko da Plaza Ondo jubilatuen elkartea

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 6a, 15:00
Pentsiodunek uztailean egin zuten elkarretaratze bateko irudia.

Pentsio duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeak egiten hasiko dira datorren astelehenean, eta aurrerantzean martxan izango dira aisialdiko ekintzak. Irailaren 4tik 25era itxita egongo da jubilatuen taberna. 

Udako atsedenaren ostean, ohiko jardunera itzuliko da Plaza Ondo jubilatuen elkartea. Hain zuzen ere, pentsio duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeak egiten hasiko dira berriz, eta aisialdiko jarduerak ere martxan jarriko dituzte. 

Datorren astelehenean, irailak 9, egingo dute pentsiodunek uda osteko lehen elkarretaratzea. Ohi bezala, 12:00etan elkartuko dira, plazan.

Bestalde, aisialdiko ekintza hauetan parte hartzeko aukera izango da aurrerantzean: margo saioak astearteetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara; puntua eta kakorratz-lana landuko dute astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara; eta gurutze-puntu eta puntu saioak astearteetan eta ostiraletan 15:00etatik 17:00etara eskainiko dituzte. Informazio gehiago edo izena eman nahi izanez gero, bulegora joan beharko dute herritarrek, betiko ordutegian. 

Era berean, jubilatuen taberna itxita egongo dela jakinarazi dute Plaza Ondo elkartekoek, oporrak direla eta. Irailaren 4tik 25era bitartean egongo da gunea itxita, bi egunak barne. Dena dela, taberna itxita egonagatik, lokala zabalik izango da interesa dutenentzat. .

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide