Zabaldu dute Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikastaroetan izena emateko epea

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 4a, 16:15

Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikastaroetan izen-emateko epea zabaldu dute, eta irailaren 18a izango da matrikula egiteko azken eguna. 2018-2019 ikasturtean ikasle izan zirenek eta ekainean azterketa gainditu ez zuten ikasleek irailaren 14tik 18ra bitartean eman ahalko dute izena. Euskara, ingelesa, alemana eta frantsesa eskainiko dira aurten Azkoitian.

Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofizialean inoiz baino aukera zabalagoa izango da aurtengo ikasturtean, hainbat ikastaro berri izango baita herritarren eskura urriaren 1etik aurrera. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik da dagoeneko, eta irailaren 18a izango da matrikulatzeko azken eguna; egun horretako 13:00etan itxiko da izen-ematea. Guztira, lau hizkuntza eskainiko dira aurten: euskara (C1 maila), ingelesa (B2.1, B2.2 eta C1 mailak), alemana (A1, A2 eta B1 mailak), eta frantsesa (A1 eta A2 mailak). Matrikula eskaera Ikasgunearen webgunetik egin beharko da. Ikastaroen, ordutegien eta matrikulazioaren inguruko informazio gehiago nahi duenak, lotura honetan aurki dezake.

Ikastaro berriak ez ezik, gune berriak ere izango dira Gaztaneneako eraikinean, Azkoitiko Udala lehenengo solairua ari baita egokitzen ikasleen behar berrietara egokitzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, bost gela gehiago izango dira solairu honetan erabilgarri; Udalak geletako argiteria eta lurzorua berritzeaz gain, hormak margotuko ditu, eta altzari berriak jarri. Guztira, 70.000 euroko aurrekontua dute Gaztaneneako eraikineko lanek, eta urriaren 1ean, ikasturte berria hastearekin batera, ikasleek prest izango dituzte gela horiek ere.

Hona hemen aurtengo ikastaroen ordutegiak:

Euskara: C1 maila (maila aurreratua). Astelehenetan eta asteazkenetan: 18:15etik 20:30era.

Ingelesa:

  • B2.1 maila (tarteko maila). Astelehenetan eta asteazkenetan: 15:55etik 18:10era.
  • B2.2 maila (tarteko maila 2).  Astearteetan eta ostegunetan: 15:55etik 18:10era eta 18:15etik 20:30era.
  • C1 maila (maila aurreratua). Astelehenetan eta asteazkenetan: 18:15etik 20:30era.

Alemana:

  • A1 maila (oinarrizko maila). Astearteetan eta ostegunetan: 18:15etik 20:30era.
  • A2 maila (oinarrizko maila 2). Astearteetan eta ostegunetan: 15:55etik 18:10era.
  • B1 maila (tarteko maila). Astelehenetan eta asteazkenetan: 18:15etik 20:30era.

Frantsesa:

  • A1 maila (oinarrizko maila). Astearteetan eta ostegunetan: 15:55etik 18:10era.
  • A2 maila (oinarrizko maila). Astearteetan eta ostegunetan: 18:15etik 20:30era.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide