Badator I. Zalduntxoen Biltzarra, Oi! musikaren topagunea

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 4a, 09:30
Kaleko Urdangak taldea izango da agertokira igoko den taldeetako bat. (Argazkia: Condenado)

Datorren irailaren 14an, zapatua, Oi! musikaz gozatzeko aukera izango da Azkoitian, I. Zalduntxoen Biltzarra izango baita Zakela tabernan ta Matadeixen. Revertt eta Oldarkor taldeak entzun ahal izango dira Zakelan dohainik, eta Kaleko Urdangak, Bloody gums, Orreaga 778 eta Cuero Matadeixen, sarrera ordainduta. Sarrerak salgai daude dagoeneko; aurrez, zortzi euro ordaindu beharko da, eta egunean bertan, hamar euro.

Oi! musika doinuak nagusituko dira Azkoitian datorren irailaren 14an, zapatua, I. Zalduntxoen Biltzarra musika jaialdia izango baita Zakela tabernan eta Matadeixen. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira lehen kontzertuak Zakelan; Revertt Bermeoko taldea eta Oldarkor Debako taldea igoko dira agertokira, eta kontzertuak ikusteko ez da sarrerarik ordaindu beharko. Horren ostean, 21:00etatik aurrera Matadeixen jarraituko du jaialdiak; Kaleko Urdangak, Bloody gums, Orreaga 778 eta Cuero taldeak arituko dira kantuan. Ondoren, gaueko ordu txikiak arte, Matakaz Selektor eta Dr. Feelduke musika jartzaileak izango dira. Matadeiko kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, aurrez zortzi euro ordaindu beharko da kontzertuetarako sarrera, eta egunean bertan, hamar euro. Sarrerak aurrez eskuratu nahi dituztenek zalduntxoenbiltzarra@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Kaleko Urdangak musika taldeko bateriajolea da Ekaitz Etxezarreta azkoitiarra da, eta jaialdiaren antolatzaileetako bat ere bada. Hark dioenez, sarreren erdiak saldu dituzte dagoeneko, eta "harrituta" daude antolatzaileak jaialdiak izan duen oihartzunarekin. Musikari azkoitiarrak adierazi duenez, Euskal Herriko Oi! topagunea egitea zen haien asmoa: "Denbora da Euskal Herrian ez dela halako jaialdirik egiten, eta zerbait antolatu nahi genuen".

Musikaria ez ezik, historiazalea ere bada Etxezarreta, eta horrek ere izan du eraginik jaialdiari izena aukeratzeko ordaun. Izan ere, Etxezarretak dioenez, Azkoitia zalduntxoengatik ezaguna delako jarri diote Zalduntxoen Biltzarra izena jaialdiari. Sare sozialetan Azkoitiaren historiarekin lotutako edukia nahiz herriko toki historiko esanguratsuen inguruko informazioa partekatzen dute antolatzaileek; Etxezarretaren esanetan, "jaialdiari oihartzuna" emateko egin dute gehienbat, baina baita jaialdira joango direnei herriko leku garrantzitsuak zeintzuk diren azaltzeko ere. Kontzertuak emateko Zakela taberna eta Matadeixe aukeratu dituzte, eta hori ez da kasualitate hutsa izan Etxezarretaren arabera. Hark dioenez, Oi! musika babesten duten herriko "gune bakarrenetarikoak" dira biak, eta horregatik hautatu dituzte bi leku horiek jaialdirako. 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide