Manuel Albizuri ‘Maolo’: «Turista gisa askatasun falta nabaritu genuen Ipar Korean, baina ez gara hara joateaz damutzen»

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 27a, 10:11

Hiriburu handietara, herri txikietara, hondartzara, mendira… Ezagunak nahiz ezezagunak diren lekuetara bidaiatzen du jendeak uda sasoian. Ezohiko helmuga aukeratu zutenen artean dira Manuel Albizuri Maolo (Azkoitia, 1959) eta haren emazte Pili Velasco (Durango, 1959); izan ere, Ipar Korean igaro zuten udako oporraldia iaz. Beren bizipenak partekatu nahi izan dituzte Maxixatzen.eus-ekin.

Zergatik aukeratu zenuten Ipar Korea helmuga gisa?

Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea, eta komunismoak atentzioa eman dit betitik; izan ere, gaiaz hainbat galdera egin izan dizkiot neure buruari: «Nolakoa ote da pertsona komunista bat? Nola bizi ote dira? Zer pentsatzen ote dute munduaz?», eta horien erantzuna jakiteko joan nintzen Ipar Koreara.

Zaila al da Ipar Koreara bidaiatzea?

Ez da zaila, baina paper eta dokumentu ugari aurkeztu behar dira Ipar Koreak Parisen duen enbaxadan. Gainera, oso zorrotzak dira datuekin, eta edozein txikikeria dela eta aurkeztutako paperetan aldaketak egiteko eskatzen dute. Horrek asko moteltzen du prozesua. Guk arazoak izan genituen Ipar Koreako gobernuak exijitzen duen enpresa ziurtagiriarekin. Arazo horiek tarteko, kontratatu genuen bidaia agentziak aurrez Ipar Korean izandako bezero baten dokumentazioaren kopia egin zigun, eta horrela lortu genuen baimena. Zailtasun gehienak Parisko enbaxadan jartzen dituzte.

Zer bisitatu zenuten egindako bidaian?

Aurrena, Pionyang kapitala ikusi genuen. Ondoren, Hego Korearekin mugan dagoen Kaesong hiria bisitatu genuen; gune desmilitarizatua da hori. Handik Paekdu mendira joan ginen, eta hainbat mendi ibilbide egin genituen bertan. Paekdu izan zen gidari polizialik gabe egon ginen leku bakarra. Dena den, ez genuen lortu bertako biztanleekin harremana izaterik, jendea isila baita han. Bertako biztanleekin hitz egiteko saiakerak egiten genituen arren, begien bistakoa zen ez zutela gurekin hitz egiteko inolako interesik. Nire aburuz, ez diete kanpoko jendearekin hitz egiten uzten.

Zerk harritu zintuzten gehien?

Gauza ugarik eman ziguten atentzioa. Aurreneko egunean, hotelean afaldu ostean, hiria pixka bat ezagutu nahi genuela esan genion gure zaintzaren ardura zuen polizia gidariari. Hark arriskutsua zela esan zigun, Ipar Korea gerran zegoelako Hego Korearekin, eta ustekabeko erasoren bat gertatzekotan gu kalean egotea oso arriskutsua izan zitekeela azpimarratu zuen.  Gure harridurarako, horrek esan nahi zuen ezin ginela hoteletik irten hurrengo egunera arte. Antzeko zerbait gertatu zitzaigun Kaesonen. Hango ostatuan 18:30erako ixten zituzten ateak, eta ezin ginen irten hurrengo egunera arte. Logeletan ez zegoen aulkirik eta ostatuan ez zegoen ez tabernarik ez telebistarik. Milaka pertsonak egiten dituzten Arirang izeneko mosaikoak ere deigarriak dira. Futboleko estadioetan egiten dituzte Arirangak, eta 80.000 pertsona inguruk parte hartzen dute bertan. Haiek ikustera, aldiz, 100.000 inguru lagun joaten dira. Ekitaldi oso berezia da bertako jendearentzat. Horrez gain, desmilitarizatutako guneak harridura eragin zigun. Nire ustez, estatuaren muntaiak dira, biztanleak beldurrez eta tentsio egoeran egoteko sortutakoak. Hego Korearen mugara iristeko, kontrol militar ugaritatik igaro behar da, nire iritziz antzerki hutsa diren arren. Ipar Koreako bizilagunek pentsatzen dute edozein unetan jasan ditzaketela Hego Korearen nahiz AEBen erasoak. Horrez gain, azpimarratzekoa da nola gurtzen duten estatuko liderra. 

Turistentzat segurtasun handiko herrialdea al da? 

Ia egun osoan poliziaren begiradapean egoten ginen, edonora jarraitzen baitziguten. Haien hitzetan, beraien zaintzapean soilik geunden salbu. Turismoari dagokionez, Ipar Korea turistei irekitzen ari da pixkanaka, baina oraindik neurri oso zorrotzak bete behar direla iruditzen zait; izan ere, turistek kontrol handia jasaten dute, eta horren adibide da poliziek bisitariek ateratako argazkiak berrikusteko duten joera. Hori ez ezik, nabarmentzekoa da turistei lider politikoak gurtzeko eskatzen dietela. Nire aburuz turistek askatasun gehiago behar dute. Era berean, bisitariez aprobetxatzen direla pentsatzen dut. Ipar Korean atzerriko dibisa soilik onartzen dute, eta ez dago moneta aldatzerik. Modu horretan, erosketak eurotan, dolarretan edo bestelako dirutan ordainduz gero, dena oso garestia da. Aipatzekoa da poliziarekin politikaz hitz egiteko aukera izan genuela, nahiz eta ez zegoen haiek bere ideietatik ateratzerik.

Aurretik Ipaz Koreaz zenuten pertzeptzioa aldatu al zaizue?

Banekien Ipar Korean diktaduran bizi zirela, baina ez nekien zenbaterainokoa zen horren eragina.  Hiriburuetan nahiz herri txikietan pobrezia ikus daiteke. Dena den, nekazal herrietan  nabarmenagoa da miseria. Nekazariek lan egiteko dituzten baliabideak zaharkituta daude, eta baldintza kaxkarretan lan egiten dute. Nire aburuz, bertako biztanleak gure errealitatetik oso urrun daude.

Gomendatuko al zenukete Ipar Korea? 

Atentzioa ematen duen eta zirrara eragiten duen herrialde bat da, dudarik gabe. Oso zorrotzak dira beren legeekin nahiz ezarritako neurriekin, eta horren ondorioz ezin da nahi den guztia egin. Esaterako, zehaztua dute turistek zein leku bisitatu ditzaketen eta zein ez. Hori dela eta, turista gisa askatasun falta nabaritu genuen, baina ez gara hara joateaz damutzen: izan ere, gaur egun leku gutxitan bizi dira pentsaera eta bizi eredu horrekin. Nabarmena da agintean daudenen bizi baldintzak eta herri xehearenak oso ezberdinak direla. Lider politikoen bizi eredua erosoa da, baina biztanle gehienak sendagai eta janari beharrean daude. Gobernuan daudenak Juche ideologia dute. Ipar Koreara joateak izan ditzakeen zailtasunei aurre egiteko gogoa izatekotan, zinez merezi du herrialdea bisitatzea.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide