Egun gutxi falta dira Mangaixue martxan izena emateko epea amaitzeko

Mangaixue martxaren iazko edizioko irudia.

Irailaren 14an egingo dute mendi bizikleta martxaren laugarren edizioa, eta hilaren 11ra bitartean eman ahal izango da izena. Jabe pribatuen eskariak tarteko, aldaketa batzuk egin dituzte ibilbidean. Baserritarrak errespetatzeko eskatu diete antolatzaileek txirrindulariei.

Mangaixue mendi bizikleta martxa egingo dute irailaren 14an, larunbata. Anaitasuna Mendi Bazkunako talde batek antolatzen du ekitaldia, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da. Sustatzaileek gogorarazi dutenez, izen-emate epea amaitzeko egun gutxi falta dira, eta herritarrak animatu dituzte proban parte hartzera. Txirrindulariek hilaren 11ra bitartean dute izena emateko aukera, eta momentuz, Rock The Sports webgunean eman dezakete. Irailaren 3tik 11ra bitartean, berriz, Azkoitiko Uhaitz okindegian ere eman ahal izango da izena.

Ohi bezala, bi ibilbide izango ditu martxak: luzea, 30 kilometrokoa; eta, motza, 21 kilometrokoa. Hasiera batean, 35 eta 26 kilometroko probak izango zirela jakinarazi zuten antolatzaileek, baina jabe pribatuen eskariak kontuan hartuta, azkenean aldaketa batzuk egin dituzte ibilbideetan.

Bidean, bi anoa gune jarriko dituzte, eta amaieran dutxak eta mangerak ere izango dituzte partaideek. Horrez gain, helmugan janaria eta edaria banatuko dizkiete parte hartzaileei. Era berean, partaide guztiek opari bana jasoko dute, eta gainera, beste hainbat opari zozkatuko dute.

Baserritarrak errespetatzeko eskaria

Urtero bezala, herritarrak bizikletan ibiltzera animatzea eta haiek inguruko bazterrak ezagutzea da probaren  helburua. Horren harira, antolatzaileek gogorarazi dute ez dela lasterketa bat Mangaixue. Gainera, ohar bat helarazi nahi izan dute. Probaren bi ibilbideak jabe pribatuen lurretatik igarotzen direla eta, txirrindulariei eskatu diete baserritarrak nahiz haien eremuak errespetatzeko, bai martxaren egunean, bai entrenatzerakoan nahiz gainontzeko egunetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide