Teknologia berrietan trebatzeko ikasturte osoko ikastaroa antolatu du Gazteria Zerbitzuak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 21a, 08:29

Besteak beste, robotika, bideojokoen sorkuntza, 3D diseinua eta inprimaketa, elektronika, bideo edizioa, droiak, mugikorretarako aplikazioak, domotika nahiz irrati kontrola landuko dituzte saioetan LH 3 eta DBH 4 bitarteko haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutako ikastaroa da. Izen-emate epea irailaren 2tik 16ra egongo da zabalik.

Teknologia berriekin trebatzeko ikastaroa antolatu du Gazteria Zerbitzuak irailerako. Aurretik ere antolatu izan ditu gisa horretako tailerrak, baina prestatu berri duena ikasturte osoko ikastaroa izango da. Besteak beste, robotika, bideojokoen sorkuntza, 3D diseinua eta inprimaketa, elektronika, bideo edizioa, droiak, mugikorretarako aplikazioak, domotika nahiz irrati kontrola landuko dituzte saioetan. Udalak azaldu duenez, "eginez ikastea" da ikastaroaren helburua; hau da, ondo pasatuz nahiz esperientzia eta ezagutza partekatuz ikastea.

Ikastaroa irailaren 19an hasiko da, eta ikasturte osoan zehar, astean behin, ordu eta laurdeneko saioak eskainiko dituzte. LH 3 eta DBH 4 bitarteko haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutako ikastaroa da, eta parte hartu nahi dutenek irailaren 2tik 16ra eman beharko dute izena, Elkargunean –han izango dira saioak–. Gutxienez, zortzi laguneko taldea osatu beharko da ikastaroa gauzatu ahal izateko, eta saioak astelehenetan edo ostegunetan izango dira, 17:15etik 18:30era bitartean. Talde bakarra osatzen bada, eguna aukeratu beharko dute; aldiz, bi talde osatzen badira, astelehenetan nahiz ostegunetan izango dira saioak. Udalak diruz lagundu du ikastaroa, eta parte hartzaileek 35 euro ordaindu beharko dute hilero.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide