Andramaixek 2019

Ehunka lagunek gaitzetsi dute atzo goizaldean jazotako sexu erasoa

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 18a, 12:52

Atzo goizaldean gertatutako sexu erasoa gogor gaitzetsi dute herritarrek. Elkarretaratzean izan dira udal ordezkariak, eta Javier Zubizarreta alkateak halako erasoak ezin direla onartu esan du, ezetza beti ezetza dela gogoraraztearekin batera. Asteartean epaituko dute erasotzailea.

Ehunka lagun elkartu dira gaur, abuztuak 18, eguerdian, eliz atarian. Izan ere, udalak deituta, atzo goizaldean jazotako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek. Bertan izan dira, besteak beste, Azkoitiko Udaleko ordezkariak, eta Javier Zubizarreta alkateak hedabideen aurrean hitz egin du kontzentrazioa bukatzean. "Ahalegin guztiak egiten dira prebentzio eta segurtasun mailan, baina alferrik da gero gizon bat taberna batean sartzen bada eta nahi duena egiten badu. Gizarte bezala, horrelako erasoak eta gehiegikeriak onartezinak direla erakutsi behar dugu, eta ea denon artean gaitz  honekin amaitzen dugun. Tristura eta inpotentzia da sentitzen duguna".

Zubizarretaren arabera, gai "zatar" honetatik ateratzen duen ondorio onena zera da: "Zer gertatzen zen ikustean lokalaren jabeak emandako erantzuna, Udaltzaingora deitu baitzuen berehala, eta Udaltzaingoak Ertzaintzaren esku utzi zuen gizona; eta neskak izan zuen balorea salaketa jartzeko, salaketarik gabe ez baitago ezer egiterik". Hark adierazi duenez, asteartean epaituko dute erasotzailea, epaiketa azkar batean, eta alkateak esan du neurri gogorragoak hartzen hasi beharko dutela epaitegietan: "Erasoak ez direla egin behar ulertzen ez duenari zigor gogorragoak jarri beharko zaizkie. Izan ere, hau lakra bat da". Askotan errepikatu duten mezua ere eman du Zubizarretak: "Ez beti da ez".

27 urteko emakume batek salaketa jarri zuen atzo goizaldean, gizonezko batek genitaletan ukituak egin zizkiolako. Erasoa herriaren erdiguneko taberna batean gertatu zen, eta eraso matxista dela eta, 49 urteko gizon bat identifikatu eta inputatu du Ertzaintzak, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Datorren asteartean epaiketa azkarra izango du gizonak.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide