Andramaixek 2019

90 urteko herritarrak, margolanak nahiz dantzari gaztetxoak izan dira protagonista

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 17a, 22:23

Baserritar eguneko arratsaldean ez da ekitaldirik falta izan herrian. Izan ere, 90 urteko herritarren bazkaria, dantzari gaztetxoen txapelketa eta Inazio Iriarte margo lehiaketako sari banaketa egin dituzte.

Ohiko legez, aurten 90 urte bete dituzten edo beteko dituzten herritarrei omenaldia egin zieten Plaza Ondo elkarteak eta udalak, Kiruri jatetxean. Familiez inguratuta ospatu dute eguna omenduek, eta udal ordezkariek eta Plaza Ondo elkarteko kideek oroigarri bana eman die horiei.

Horrez gain, Gazteen Dantza Txapelketa izan da Balda plazan, eta hamabi bikote aritu dira lehian. Herritar ugari bertaratu da saiora, eta horiek txalo artean hartu dituzte dantzariak. Epaimahaiak hala erabakita, Lezora eta Oiartzunera joan dira txapela eta zapia; izan ere, Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste nagusitu dira. Bigarren egin dute Elaia eta June Elorza azpeitiarrek, eta hirugarren Maren Galvez lezotarrak eta Gorka Granado sopelarrak. 

Txapelketa hori bukatzean, 19:30ean, XXXVIII. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako sari banaketa egin dute.Juanjo Altuna bergararra izan da nagusi aurtengo edizioan, eta bigarren saria Juan Karlos Aresti bilbotarrarentzat izan da. Hirugarrena, berriz, Artzienagako Fernando Uretak irabazi du. Aurten 11 lan aurkeztu dituzte sariketara, eta horiek ikusgai daude Torre Zuri aretoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide