Andramaixek 2019

Emakume batek sexu erasoa salatu du bart

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 17a, 12:37

27 urteko emakume batek salaketa jarri du bart, gizonezko batek genitaletan ukituak egin dizkiolako herriguneko taberna batean. Ertzaintzak 49 urteko gizon bat identifikatu du, eta asteartean epaiketa azkarra egingo diote hari. Erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du udalak biharko.

Andramari jaietan jazotako sexu eraso baten berri eman du gaur, Azkoitiko Udalak. Hain zuzen ere, 27 urteko emakume batek salaketa jarri du bart, gizonezko batek genitaletan ukituak egin dizkiolako. Erasoa herriaren erdiguneko taberna batean gertatu zen goizaldean, eta eraso matxista dela eta, 49 urteko gizon bat identifikatu eta inputatu du Ertzaintzak, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Datorren asteartean epaiketa azkarra izango du gizonak.

Sexu erasoaren aurrean, udalak gaitzezpen irmoa agertu du, eta biharko, abuztuak 18, elkarretaratzea deitu du. Eliz atarian egingo dute kontzentrazioa, 12:30ean hasita. Javier Zubizarreta alkateak "tamalgarritzat" jo du gertatutakoa, eta adierazi du penagarria dela "Ez, da ez" mezuak gizartean eraginik ez izatea. "Sexu eraso oro deitoragarria da, eta tristea da benetan taberna batean gertaturiko sexu abusu bat salatzeko kontzentrazioa egin beharra izatea. Indarkeria matxistaren aurkako oihua gero eta ozenago entzuten den arren, abusuak eta erasoak ez dira geratu. Egia da gaur egun salatu egiten direla eta ez dela sexu erasorik onartzen. Guk, herri honek, zero tolerantzia sexu jazarpen eta gehiegikerien aurrean".  Udalak dituen babes baliabide guztiak eta laguntza emakumearen esku jarri dituela ere azaldu du.

Azkoitiko EH Bilduk ere gertaera gaitzetsi du, eta aldi berean, babesa eskaini dio erasoa jasan duen emakumeari. Herritarrei biharko elkarretaratzean parte hartzeko deia ere egin die koalizioak. Azkoitiko PSE-EEk ere eraso sexista gaitzetsi du, eta Janire Igoa PSE-EEren udal zinegotziak babesa agertu dio biktimari, gertatutakoa "onartezina" dela esatearekin batera. "Kasua larria da, eta publikoki salatu behar da. Gainera, Udaltzaingoari zorionak eman nahi dizkiot erasotzailea identifikatu eta epailearen esku utzi duelako". Igoak esan duenez, ezin da eraso bat bera ere onartu, eta gizarteak halako kasuak salatzeko kontzientzia hartu behar duela adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide