Andramaixek 2019

Azkoitiarrek gogoz hasi dute Andramari eguna

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 15a, 13:28

Eltziegoko dultzaineroen kalejirarekin argitu du gaur goizak, eta Andramari eguna izanik, ohiko ekitaldiak egin dituzte goiz partean.

Ohitura den legez, alkatearen etxe aurrera joan dira Musika Bandako eta Txalkor txistulari taldeko kideak goizean, eta Alkate soinua jo diete horiek Javier Zubizarreta alkateari nahiz haren emazte Mari Axun Mendizabali.

10:50ean udal ordezkari hainbat korporazioan joan da parrokiara, Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak lagunduta. Meza nagusiaren ostean, Musika Bandak kontzertua eskaini du Kontzejupean, eta ikusmina sortu du emanaldiak; izan ere, dozenaka herritar bertaratu dira emanaldiaz gozatzera.

Arratsaldean ere izango da ekitaldirik, hala nola eskuzko pilota partidak, zezen txikiak, bizikleta ikuskizuna, gimastika erritmikoko emanaldia, DJ saioak eta film laburren lehiaketak hartuko dituzte herriko kaleak.

Hona hemen, gaurko egitaraua:

17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Zarauzko pilota torneoko finalaurrekoak.

17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.

18:00. Antzerkia txosnagunean.

18:30. Freestyle Bike Show ikuskizuna, Balda plazan.

19:00. Pintxo-potea txosnagunean.

20:00. Azkoitiko Gimnasia Erritmiko taldearen erakustaldia, eliz atarian.

20:00. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.

20:00. Murxi, Krakobia, Ol_ber, Munizio, Tximas, Goiko eta Josu Aranburu dj-en emanaldia txosnagunean.

22:00. IX. Film Laburren Lehiaketa, Herriko plazan.

23:45. Deus Ez taldearen kontzertua, Herriko plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide