Andramaixek 2019

Giro bikainarekin hasi dituzte herritarrek andramaixek

Hasi dira andramaixek, eta bost egunez festa giroa izango da nagusi herrian. 11:00 pasatxoan hasi dituzte jaiak Herri Moimentuko kideek; izan ere, LGTBI kolektiboa arduratu da festei hasiera emateaz, San Martin auzoan egin duten ekitaldiarekin. 12:00etan, berriz, Musika Bandako kideek bota dute jaien hasierako suziria udaletxeko balkoitik. Aurretik, udalak omenaldia egin die bandako kideei.

Azkoitiko Musika Bandak eman die hasiera aurtengo andramaixei; izan ere, talde horretako kideak arduratu dira festen hasierako txupinazoa udaletxeko balkoitik botatzeaz. 11:30ean hasita, udal ordezkariek omenaldia egin diete bandako kideei, tartean bizirik dauden zuzendari ohiei eta gaur egungo zuzendariari: Juan Elorza, Inazio Alberdi, Ismael Cuende eta Carlos Muñoz. 

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esker hitzak izan ditu bandako kideentzat, eta horiek egiten duten lana goraipatu du hitzartzean. 150 urte betetzen ditu aurten Azkoitiko Musika Bandak, eta talde horrek historia ezagututa herriaren historia ezagutu daitekeela esan du alkateak: "Ekitaldi ugaritan ikusten ditugu, eta hainbat pasadizoren protagonistak zarete". Bandaren doinuek "barrua pizten" dutela ere esan du, hain zuzen ere hori musikaren "miraria" dela esanda. Omenaldia "ondo merezia" dutela ere jakinarazi die hark bandako ordezkariei: "Urteotan bandari bizia eman dioten gizon-emakumeek, musikariek eta haien ondoan egon direnek, ondo merezia duzue aitortza".

Zubizarretak esan duenez, bandaren katea ez da eten, eta zorionak eman dizkie musikari guztiei. "Egun hotzetan nahiz beroetan musika egiten segitu duzue, musikari eta herriaren txaloei esker zoriontsu zarete". Alkateak herritarrei ere egin die keinua hitzartzea bukatzerako. "Musikarien lana publikoak borobiltzen du, eta Azkoitian musikariak nahiz publikoa, biak dira txapela kentzekoak".

Omenaldiaren ostean, 12:00ak puntuan, bota dute suziria musika bandako zuzendari ohiek eta gaur egungo zuzendariak, eta musika bandak eta abesbatzak Ama, nahi dezunian kantuak hartu du jendez leporaino beteta zen plaza.

Txupinazo alternatiboa

Jaiei hasiera pixka bat lehentxeago eman diete Herri Moimentuko kideek. Hain zuzen ere, San Martin auzoan egin dute festen hasierako ekitaldia. LGTBI kolektiboak izan du festei hasiera emateko aukera aurtengoan, eta kolektiboaren ikusgarritasuna aldarrikatuta hasi dute andramaixetako egitaraua hainbat lagunek. LGTBI kolektiboaren alde lanean ari diren lagunak gogoan izan dituzte jaien hasierako ekitaldian, eta festetan erasorik ez dutela onartuko adierazi dute Herri Moimentuek gonbidatuta hitza hartu duten lagunek.

Festak hasi baino ez dira egin; izan ere, hilaren 19ra bitartean izango da zer egin Azkoitian. Gaur, adibidez, hainbat ekitaldi izango da arratsaldetik aurrera, hala nola haurrentzako puzgarriak, salbea eta kontzertuak.

Hona hemen, gaur arratsaldeko egitaraua:

17:00. Haur parkea Herriko plazan (puzgarriak, gazteluak...).

19:30. Rockalean musika kale ikuskizuna.

19:30. Krank txosnagunean.

19:50. Udalbatzari parrokiara lagunduz, Txalkor txistulari taldeak Alkate Soinuajoko du.

20:00. Herritarrek, parrokian, Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea zazpi ahotsetara eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria bost ahotsetara abestuko dituzte. Amaitzeko, Mariano Garciaren Ama Birjinaren edertasun. Bakarlariak: Felix Uranga baritonoa eta In?aki Goenaga tenorea. Organoan: Jose Luis Frantsesena. Zuzendaria: Inazio Alberdi.

23:00. Gozategi taldearekin dantzaldia, Herriko plazan.

01:00. Garra, Kezkak eta Istilu taldeen kontzertuak txosnagunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide