Floreagako irisgarritasuna hobetzeko lehen bi faseen idazketa lana esleipen prozesuan jarri du udalak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 13a, 16:00

Proiektuaren idazketa lanaren aurrekontua 135.520 eurokoa da, eta proposamenak aurkeztu nahi dituzten enpresek 25 egun naturaleko epea dute atzo hasita.

Floreagako irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren lehen eta bigarren faseen idazketa lanaren esleipen prozesua abian jarri du Azkoitiko Udalak. Erakundeak “ahalik eta azkarren” abiatu du prozesua berriro; izan ere, joan den martxoan jarri zuen martxan prozesu hori, baina bertan behera geratu zen, udalaren arabera Bide, Kanal eta Portu Ingeniarien Elkargoak kontratuaren iragarkiaren eta pleguen aurkako alegazioa jarri zuelako. “Elkargoak oinarriak inpugnatu zituen eskakizunak ez betetzeagatik; erredaktore taldea, gutxienez, arkitektu batek eta ingeniari industrial batek osatzea eskatzen zen, ez bide, kanal eta portu ingeniari batek”. Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren erabakia ekainean jakin zuen udalak, eta orain berriro atera behar izan du zerbitzua lizitaziora.

Lizitazio prozesu horrekin, lehen eta bigarren faseen proiektuen idazketa eta lanen exekuzioaren obra zuzendaritzaren zerbitzua esleituko ditu erakundeak, segurtasun eta osasun alorreko koordinazioarekin batera. Proiektuaren idazketa lanaren aurrekontua 135.520 eurokoa da, eta proposamenak aurkeztu nahi dituzten enpresek 25 egun naturaleko epea dute, atzo hasita. Esleipen prozesuan jarritako lehenengo faseak Floreaga eta Zuazola arteko irisgarritasun arazoak konpontzea dute xede, eta bigarrenak, berriz, Zuazola eta Floreagaberri artekoak. LKS aholkularitza enpresak garatutako alternatiben azterlanak igogailuak aurreikusten ditu bi guneetan, iazko urte amaieran publikoki aurkeztu bezala. Azkoitiko Udalak adierazi duenez, prozesu hau “beste aurrerapauso bat da Floreagako irisgarritasuna hobetze bidean”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide