Andramaixek 2019

Alkoholaren prebentzioan eragiteko kartelak banatuko ditu udalak herriko tabernetan nahiz saltokietan

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 12a, 10:22

Azkoitia Osasuntsua. Azkoitia Bizia! lelopean egin dute kanpaina, eta hainbat arau jasotzen dituzten kartelak banatzearekin batera gutun bana emango diete ostalariei nahiz saltzaileei. Udaltzaingoak banatuko ditu kartelak-eta datozen egunetan.

Azkoitiko Udalak hainbat arau jasotzen dituzten kartelak banatuko ditu herriko tabernetan, jatetxeetan nahiz saltokietan. Hain zuzen ere, 16 urtetik beherakoek –arduradunik gabe– tabernetara sartzea eta horietan egotea debekatuta dutela, adingabeei alkoholdun edaririk ezin zaiela banatu edo saldu eta tabernetan tabakoa galarazita dagoela jaso du erakundeak karteletan, eta horiek banatuko ditu Udaltzaingoak datozen egunetan.

Azkoitia Osasuntsua. Azkoitia Bizia! lelopean egin dute kanpaina, eta kartelak banatzearekin batera gutun bana banatuko diete ostalariei nahiz saltzaileei. Udalak azaldu duenez, kanpainaren helburua da bizimodu osasuntsua sustatzea eta gazteenen alkohola kontsumitzen hasteko adina atzeratzea establezimenduetako arduradunen laguntzarekin.

Udalak formazio saioak eskaini dizkie berriki ostalaritzako langileei, drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko baliagarriak diren jarraibideak eta gomendioak azaltzeko. Erakundearen arabera, ikastaroaren balorazioan jasotakoa kontuan hartuta, alkohol kontsumoaren arriskuen pertzepzioa baxua da orokorrean. "Aldiz, beste drogekiko pertzepzioa –kannabisa kenduta- altuagoa da", azaldu du erakundeak. "Ikastaroan parte hartutako tabernarien ustez, zenbait drogen kontsumoa altua da herrian, esaterako, kannabisarena, speed-arena eta kokainarena".

Ostalarien ustez, prebentzioan eragiteko garrantzitsua da gurasoekin lan egitea, horiek direlako adingabeengan eta gazteengan "eragin handiena" duten pertsonak: "Zentzu horretan, erabiltzen duten diru kopurua gehiegizkoa dela ere nabarmentzen dute, arrisku faktore bat delako".

Azkoitiko Udaltzaingoak ere jaso du formakuntza, eta haien arabera, alkohol kontsumoaren arriskuen gaineko pertzepzioa altuagoa da; izan ere, horiek lanean ari direnean intoxikazio etilikoak ikusten dituztela azaldu dute. Bestelako drogen kasuan, berriz, udaltzainek uste dute kontsumoa "altua" dela gazteen zein helduen artean.

Bestalde, festetan segurtasuna bermatzeko plangintza gainbegiratzeko bilera egin zuten joan zen astean Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, udaltzainburuak eta Urola Kostako ertzainburuak. Andramari jaietan segurtasuna eta ordena bermatzeko helburuz egin zuten bilkura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide