San Jose egoitzaren egoeraz hitz egin dute udalak eta aldundiak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 9a, 16:48
Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak, bileran. (Azkoitiko Udala)

Egoitza Kalera taldearen sinadurak eta eskaerak helarazi dizkiote udal ordezkariek Maite Peñari eta Gizarte Politikako diputatua uda ondoren taldekoekin bilera egiteko prest agertu dela azaldu dute. Udalak, bere aldetik, "egoitzarako garraio zerbitzu pertsonalizatua lehenbailehen martxan jartzeko lanean" ari dela dio.

Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera egin dute aste honetan eta, besteak beste, San Jose egoitzaren egoera hizpide izan dute. Javier Zubizarreta alkateak adinekoen herriko egoitzaz hitz egiteko aldundiari eskatutako bilera izan da hori, udalak jakinarazi duenez

Alkatearekin batera, Janire Igoa Ongizate batzordeburuak, Ana Azkoitia Ogasun batzordeburuak eta Iñaki Lasa teknikariak ordezkatu zuten bileran Azkoitiko Udala, eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Maria Elena Basagoitia Erakunde Publikoen zuzendaria izan zituzten solaskideak, aldundiaren izenean. Udalak jakinarazi duenez, gizarte arloko hainbat gai jorratu zituzten bileran, "Kabia erakundeari egindako lagapenaren likidazioa, San Jose egoitzan egin daitezkeen inbertsio posibleak edota apartamentu tutelatuen erabileraren inguruko balorazioa" tartean.

Horiekin batera, ordea, San Jose egoitza herrigunera lekualdatzea eskatzen duen Egoitza Kalera taldeare eskaerak plazaratzeko baliatu zuten bilera udal ordezkariek. Talde horrek herrian jasotako 3.244 sinaduren berri eman eta mahai gainean jarri dituzten eskaerak helarazi zizkioten udal ordezkariek Maite Peñari. Gizarte Politikako diputatua uda ondoren taldekoekin bilera egiteko prest agertu dela azaldu du udalak, "adin nagusiko pertsonentzat Gipuzkoako bailara ezberdinetan dauden egungo egoitzen egoera eta datozen urteetarako aurreikuspenak azaltzeko". Egoitza Kalerakoei diputatuaren eskaintzaren berri eman diotela ere esan du udalak, taldekoek aukera "begi onez" hartu dutela gaineratuta.

Garraio zerbitzua jartzeko "lanean"

Javier Zubizarretak balorazio positiboa egin du aste honetako bileraz. "Jarrera irekia eta lankidetzarako prestutasuna azaldu dizkigu diputatuak", esan du.

Udalak joan zen apirilean aurreratu zuen egoitzaren tokialdaketa ez dela bideragarria epe labur eta ertainean, eta hori kontuan hartuta, egoitzaren erabiltzaileentzat eta haien familientzat garraio zerbitzu berezi bat martxan jarriko zuela. Diputatuarekin bilera egin ondoren, berritu egin du asmo hori udalak eta "egoitzarako garraio zerbitzu pertsonalizatua lehenbailehen martxan jartzeko lanean" ari dela dio.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide