Teklako etxebizitzen lehiaketa berria martxan jarri du Visesak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 6a, 15:19
Teklako obrak geldirik, joan den udaberrian.

3.699.221 eurotan atera du lizitazio berria, proposamenak aurkezteko epea urriaren 15ean itxiko da eta obren exekuzio epea 18 hilabetekoa da.

Visesak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saileko sozietate publikoak, martxan jarri du Floreaga auzoko Tekla eremuan aurreikusitako babestutako etxebizitzak eraikitzeko prozesua. Horrela jakinarazi du gaur Azkoitiko Udalak, ohar bidez. Guztira, babestutako 30 etxebizitza eraiki behar dituzte Teklan; hamasei Babes Ofizialeko Etxebizitzak izango dira, eta 14 alokairu sozialera bideratutakoak.

Joan den apirilean iragarri zuen Visesak berriro lizitatuko zituela Floreagako etxebizitzen obrak. Ordurako hilabeteak zeramatzatzen geldirik 2018ko ekainean hasi ziren eraikuntza lanek, eta kezka zabalduta zegoen eremu horretan etxea egokitu zitzaien herritarren artean. Hasierako proiektuaren arabera, urte honen bukaerarako etxeak pronto izango zituzten etxejabeek; 2017an egin zuten Teklako etxebizitzen zozketa.

Apirilean, etxebizitzen promozioan esku hartutako eragileek antzemandako “zenbait arazo” tarteko, “proiektua berriz sakon berrikusi” behar izan zutela azaldu zuen Visesak, eta horren ondoren lanen lehendabiziko lehiaketa irabazi eta lanak hasiak zituen enpresak –Sukia Eraikuntzak SA– obrekin ezin zuela jarraitu jakinarazi ziola.

Orain, obren lizitazio berriaren iragarpenarekin, “berriro martxan da prozesu administratiboa”, adierazi du udalak. Lehiaketaren xehetasunak ere eman ditu udalak: 3.699.221 eurotan atera du lizitazio berria Visesak, proposamenak aurkezteko epea urriaren 15ean itxiko da eta obren exekuzio epea 18 hilabetekoa izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide