Xabier Alberdi 'Zabale': «Kupelaren etapa bukatzea eskatzen dit barruak»

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 8a, 11:40
Kupela taldea, Aristerrazun, joan den maiatzean. (Argazkiak: Ibon Errazu).

Euskal Herriko erromerietan puntako taldea izan da Kupela. 2006an jaio zen, eta hasieratik harrera ona izan du. Lehenengo urteetan, urtean 100 emanaldi izan zituen. Bere musikarekin eta kantekin, mundu osoa alaitu eta dantzara gonbidatu du.

Xabier Alberdi ‘Zabale’ soinujolea, Anjel Larrañaga abeslari eta panderojolea eta Juan Ezenarro ‘Berastegi’ izan dira Kupela taldeko hirukotea sorreratik, eta gerora Jexux Epeldek hartu izan du bateria jotzeko erreleboa. Bost diskoren jabe da taldea, eta, ohiko euskal erritmoez gain, beste musika mota batzuk ere jotzen dituzte. Ibilbide oparoari amaiera emateko ordua iritsi dela uste dute, ordea. Xabier Alberdi ‘Zabale’ (Azkoitia, 1970) soinujolearekin izan da Maxixatzen.

Nolatan sortu zen Kupela? Zein ziren garai hartako helburuak?

Kupela sortu aurretik, Epelde eta Larrañagarekin jotzen hasi nintzen, haien formatuan. Ondoren, Epeldek utzi egin zuen, eta neu geratu nintzen taldeko soinujole. 2006an, Kupelaren helburu nagusia zen disko berriak ateratzea, geuk sortutako piezekin. Anjelek letrak asmatzen zituen, eta nik doinua. Bertsoen eta musikaren arteko lotura lortu nahi genuen, erromerietara begira.

Guztira bost disko kaleratu ditu Kupelak. Nolako balorazioa egingo zenuke?

Oro har, gustura. Hala ere, zeu zarenean sortzailea, egindakoarekin gustura gelditu arren beti bilatzen duzu zerbait hobetzeko, eta horren bila joaten zara hurrengo diskoan. Bi urtean behin disko bat atera dugu, eta kopuru polita da. Lehen bi diskoak izan ziren arrakastatsuenak, eta haiei esker ezagun egin ginen. Ordutik, jendea beti beste disko bat ateratzeko zain egoten zela antzematen genuen. Hala ere, gaur egun ez da erraza disko bat kaleratzea. Guk orain arte eduki dugu laguntza disko etxeen aldetik, baina gaur egun disko bat grabatu nahi baduzu, askotan zeuk ordaindu behar dituzu hainbat gastu.

Kupelaren zein abesti nabarmendu da?

Ezagunena egin dena Txakolina dela esango nuke. Jendeak gehien eskatzen dizkigunak lehen bi diskoetan daude.

Zer behar du trikiti talde batek arrakasta izateko?

Abesti berriak sortzea eta abesti horiekin jendearengana ailegatzea. Horretarako, kantu itsaskorrak eta musika sinplea eta dantzagarria izan behar du. Bestalde, taldeko kideen artean giro ona egotea eta kanpora begira itxura hori ematea ere garrantzitsua da.

Gauza berriak sortzeko orduan oreka lortu beharko da tradizioaren eta modernoaren artean, ezta?

Bai, gauza berriak egin behar dira, eta horretarako hainbat bide daude. Formatu tradizionalean gauza berriak lor daitezke. Nik hortik tiratu dut nire sorkuntza lanetan gehienbat, neuk hori jaso izan dudalako aurreko trikitilariengandik, osabarengandik edo irakaslearengandik. Hor sentitzen naiz erosoena.

Zuk nola asmatzen zenituen piezak?

Soinua hartu, eta hitzek laguntzen ninduten. Lehenik beti doinua egiten nuen, abesteko zati hori, eta horren arabera, horren inguruan sortzen nituen beste zatiak.

Ez da, ba, erraza izango.

Momentua da askotan. Batzuetan bila joan arren ez duzu lortzen, eta hurrengoan bost minutuan eginda daukazu. Ideiaren bat etorritakoan grabatu egiten dut beti zati hori, ez ahazteko.

 

 Larrañaga eta Zabale, Urrategin, joan den uztailean.

Zein izan dira Kupelaren plazarik onenak?

Auzoetako giroarekin geratzen naiz ni. Erromeria giro onena herri txiki edo auzoetan izaten da, edo ni, behintzat, hor sentitu naiz erosoena. Dantza eta giro ona ziurtatua izaten da horrelakoetan.

Nolako plaza da Azkoitikoa?

Hasierako diskoekin behin jo genuen herriko plazan, eta jende asko etorri zen, baina entzutera gehienak. Dantzako giroa sortzea zaila izaten da horrelako plaza handi batean. Hala ere, tabernariek antolatuta, Txoixo kaleko festetan jo izan dugu, eta hor harrituta gelditu ginen: gazte jende asko hurbildu zen eta haiek dantzan jartzea lortu genuen, eta hori pozgarria da.

Zein izaten dira zuen plazetako ohiko jarraitzaileak?

16-30 urte bitartekoen artean, emakumeak errazago animatzen dira dantzara; 40 urtetik gorakoetan, berriz, antzera.

Zenbat orduko erromeriak izan dira luzeenak?

Lau ordu ingurukoak, eta batzuetan segidan, gainera. Asko da, eta nekagarria. Oraindik hiru orduko kontzertuak dezente jotzen ditugu. Gainera, guk beti zutik jo izan dugu, presentzia bezala politagoa delako. Lehen diskoa kaleratu genuenean dei asko izan genituen, eta, behin, zortzi egunean jarraian jo genituen kontzertuak. Ia denak gaueko lanak izan ziren, eta egunez pixka bat errekuperatzeko modua izan genuen.

Erromerietatik bizitzera iritsi al zineten garairik onenetan?

Ez, nik beti musika eskolako irakasle lanarekin uztartu dut Kupela. Erromeria taldearekin bakarrik bizitzea zaila dela iruditzen zait. Erromerien denboraldi gorena maiatzetik urrira izan ohi da, eta beste hilabeteak nahiko lasaiak izaten dira.

Urte amaieran erretiroa hartuko du Kupelak. Nolatan etorri da erabaki hori?

Nik azken pare bat urteetan buruan nuen kontu hori, eta neu aurreratu nintzen. Urte asko daramatzat plazetan: 14 bat urterekin hasi nintzen anaiarekin, Zabale Anaiak moduan, eta, gero, Lurdes Alkorta eta anaiarekin ere aritu nintzen Kupelan hasi aurretik. Gaueko 3-4 ordu horiek jotzea eta goizeko ordu txikietan etxera itzultzea gehiago kostatzen zait. Gainera, lanpostua musika eskolan daukat, eta, astea han pasatuta, asteburuan familiarekin edo lagunekin gehiago egoteko gogoa izaten dut. Iruditu zait garai aproposa dela Kupelaren ibilbideari bukaera emateko.

Eta proiektu berririk ba al duzu esku artean?

Momentuz ez dut proiektu berririk soinujole gisa, baina ez dut uste plazetan jotzeari erabat utziko diodanik. Oraingoz, ordea, garbi daukat atseden hartuko dudala, zer egin nahi dudan erabakitzeko, irakasle lanaz gain. Etapa hau bukatzea eskatzen dit barruak. Nahiko garbi daukat erromeria formatu horretan oraingoz ez dudala jarraituko. Denborak esango du soinujole bezala zein ibilbiderekin jarraituko dudan. Hala ere, Kupelako urte hauek faltan botako ditut, dudarik gabe: jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut eta momentu onak ere asko izan dira. Orain, baina, lasaitasun falta handiagoa sumatzen dut. Kupela utzita askatasuna sentituko dudala uste dut.

Nola ikusten duzu gaur egungo trikitiaren mundua?

Nahiko indartsu. Gazte jendea badabil ikasten, txapelketetan jotzen eta taldetxoak sortzen. Festa gehienetan trikitia entzuten da, era batera ez bada bestera. Formatu ezberdinetan, soinu txikia leku askotan dago.

Eta erromeriena?

2008ko krisitik aurrera antzeman genuen plazen beherakada txiki bat. Baina bestela, jende aldetik, egiten ditugun plazetan ez dugu antzeman jende gutxiago dabilenik: betiko jendea dabil, gehienbat 40-70 bitartekoa. Hor, gazte jendearen hutsunea gehiago antzematen da. Uste dut etorriko dela erromerien beherakada, betiko jende hori erretiratzen den egunean.

Trikiti irakaslea ere bazara. Nolakoa da horren bilakaera? Zer eskatzen dizute ikasleek?

Eskolako ikasle kopurua goraka doa. Egunero lanaldi osoan aritzen naiz. Trikitia modan dagoela dirudi. Ikasleek, gehienbat, Huntza, Esne Beltza eta Gozategi taldeen abestiak eskatzen dituzte, besteak beste. Gaur egun trikitia ikastera datorren gazteak oso gutxi ezagutzen du gure garaiko trikitilari jendea. Oso ezagunak izan diren Laja, Epelde, Tapia eta Kepa Junkera, esaterako, ez dituzte ezagutzen; entzuna dute agian izena, baina ez dakizkite haien abestiak.

Nola ikasten dute gaur egungo gazteek?

Irakasteko modua asko aldatu da. Nik dena aurrez aurre eta belarriz ikasi nuen Joakin Errasti Epelarre-rekin, gure garaian partituratik irakasten zuen inor ez zegoelako. Asko aldatu da hori orain: oraingo gazteek partituretatik ikasten dute erabat. Ikasteko modu bakoitzak abantailak eta desabantailak dituela uste dut. Partitura irakurtzen jakiteak askatasun handia ematen du irakaslearekin ez zauden egunerako, baina, bestalde, belarri ona izatea ere oso garrantzitsua da, buruz errazago ikasteko, esaterako.

Hainbat belaunaldiren testigu izan zara. Trikitilarien profila asko aldatu al da?

Bai, dezente: teknika, errepertorioa, melodia, beste instrumentuekin nahastea… Txapelketetan ere oso abesti zailak jotzera iritsi da jendea. Lehen, pieza errazagoak jotzen ziren. Gure garaian, txapelketetan oso maila ona zegoen eta jende asko ginen. Orain, aldiz, txapelketetan gutxiago dabiltza, baina gauza zailagoak jotzera iritsi dira.

Abuztuko Maxixatzen aldizkarian kaleratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide