San Jose egoitzako erabiltzaile eta zaintzaileen arteko komunikazioa euskaraz

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 29a, 17:20

Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileek euren zaintza euskaraz jasotzeko nahia eta beharra dute. Aurten egindako probetan 116 zaintzailek lortu dute HABEko B2 maila. Azkoitiko egoitzatik, berriz, hamalau erizain laguntzaile aurkeztu dira 2019ko deialdi horretara, eta guztiek gainditu dute.

Azkoitiko San Jose egoitzan izan da Euskal Telebista bertako zaintzaileen eta erabiltzaileen iritziak ezagutzeko. Egoitzan 50 zaintzailek lan egiten dute, eta horietatik zortzi atzerritarrak dira. Ikusi bideoa:

Gizarte politiketako diputatua den Maite Peñak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriak Kabiako 116 zaintzaileri euskararen B2 maila aitortzak banatu dizkiete. Kabiako 12 egoitzetako 138 langile aurkeztu dira HABE-k antolatutako ahozko frogan oinarritutako azterketara eta horien %84ak gainditu du, 116 zaintzailek, hain zuzen ere. 

“Oso pozik eta harro” agertu dira bi erakundeetako ordezkariak, eta “adineko pertsonen zaintza ereduan eta hizkuntza berdintasunean aurrerapausoak” ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute aho batez. Peñak adierazi du: “Gure helburua zaintza eta arreta onena eskaintzea da, erabiltzaile bakoitzaren nahiari, eta batez ere, beharrari erantzunez. Hizkuntza kontuan hartzeko aspektu garrantzitsuetako bat da; kontuan izan behar dugu, gainera, askok, euskaraz artatuak izateaz haratago, arreta euskaraz jasotzeko beharra dutela”.

Peñak erakundeen, langileen eta egoitzak kudeatzen dituzten enpresen arteko “elkarlan estua” nabarmendu du, “ezinbestekoa” hizkuntza berdintasunean eta zaintza eredu osoago batean aurrera egiteko; eta gehitu du: “Kabiak bere sorreratik du txertatuta hizkuntza berdintasunaren ikuspegia, kalitatezko zaintza eta arreta ez direlako ulertzen ikuspegi hori kontuan izan gabe”. Kabian, sarrerako baloraziotik hasita, erabiltzaileen eta familien hizkuntza hautua errespetatzen da, eta lan hizkuntza euskara izan dadin sustatzen dela azaldu du foru diputatuak. “Kabiako egoitzetan euskara nagusi izatea nahi dugu, langile orok lehen eta azken hitza euskaraz egitea, eta horregatik, B2 maila aitortzak emateak izugarrizko balioa du; ahozko euskara maila neurtzeaz gain, langileen motibazioa eta erabiltzaileen nahia eta beharra asebetetzen ditugulako, arreta eta zaintza hobeago bat eskainiz”.

Bingen Zupiria sailburuak kalitatearekin lotu du emandako pausoa: “Eusko Jaurlaritzak Kabiako egoitzetako langileen esfortzua txalotu egin nahi du. Egin duten ahaleginari esker, kalitate handiagoz eskaini ahal izango dute beren zerbitzua eta egoitzetako erabiltzaileek eskertu egingo dute. Zaintzari lotutako lanetan, beste hainbat esparrutan bezala, euskara kalitatearekin lotu behar dugu ezinbestean, hori bera bermatzen baitu euskarak: kalitatezko zerbitzu bat. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanari esker, HABEren laguntzaz, argi geratu da garrantzitsua dela hizkuntza-eskakizunak lanpostu bakoitzari dagozkion zereginetara egokitzea. Kasu honetan, ahozkotasuna lehenetsi da”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide