Egoitza Kalerak bere aldarrikapenekin lanean jarraitzen duela adierazi du

Egoitza Kalera taldeak udal hauteskundeen ondoren izandako bileren eta egindako lanaren berri eman du kaleratutako idatzi baten bidez. Adinekoen egoitzaren kokapenaren aldarriarekin jarraitzen dutela zehaztu dute, eta Janire Igoa Gizarte gaietako zinegotziarekin ere bildu dira.

Egoitza Kalera herri dinamikakoek "geldirik ez" daudela adieraziz idatzi bat kaleratu dute, azken hilabeteetan egindako lanaren eta bileren berri emanaz. Beren aldarriekin jarraitzen dutela zehaztu dute, San Jose egoitzaren kokapenaz lan eginez eta bertako funtzionamenduan aurkitzen dituzten hainbat gabezia azaleratuz, "langile gehiagoren beharra, adibidez".

Maiatzeko udal hauteskundeen aurretik Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariekin bildu ziren Egoitza Kalerakoak. Orduan, alde guztiek egoitzaren gaiari eutsi eta pausoak emateko konpromisoa hartu zutela gogoratu du taldeak. "Ondoren, denbora pasatzen utzi dugu, hauteskundeak eta gero udaletxean eman diren aldaketak finkatu arte". Behin Udala osatuta, Gizarte gaien ardura duen Janire Igoa (PSE-EE) zinegotziarekin harremanetan jarri dira Egoitza Kalerakoak. "Aurreko astean Igoari bilera bat eskatu genion, egoitzaren gaiak mahai gainean jarraitzen duela gogorarazteko, eta Azkoitiko herritar askori azalpenen bat zor diegulako, egoitzaren kontuarekin kezka eta interes handia agertu dutelako". Zinegotziari bilera eskatu eta bi egunetara jaso zuten haren deia Egoitza Kalerakoek: "Alkatearekin egon zela esan zigun Igoak, eta berak adierazi ziola herriko gizarte gaietaz hitz egiteko irailean Gipuzkoako Foru Aldundiko Maite Peña diputatuarekin bilera bat izatekotan dela; tartean, San Jose egoitzaren kontua. Bitartean ezer berririk esateko ez zuela Udalak eta diputazioarekin bilera egin ondoren berriro elkartuko zirela gurekin".

Udalaren erantzun horren ondoren, ordea, Egoitza Kalerakoek berriro bilera eskaera egin zioten Igoari, "uste dugulako diputazioko ordezkariarekin bildu aurretik Udalak eta Egoitza Kalerak gauzak hitz eginda eduki behar ditugula". Hala, uztailaren 26an Egoitza Kalerako ordezkariak Igoarekin bildu ziren. Taldeak adierazi duenez, Igoak egoitza herrian integratzeko "bere esku dagoen guztia egiteko prestutasuna" agertu du. "Gaiari buruzko interesa azaldu du, eta ezin galduko dugu esperantzarik. Gainera, diputazioko ordezkariekin bildu ondoren gurekin harremanetan jarriko dela adierazi digu".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide