Alkohol eta droga kontsumoaren arriskuak murrizteko formazioa jaso dute ostalaritzako langileek

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 22a, 18:40
Argazkian, formazioa jaso duten ostalaritzako langileak eta saioen antolatzaileak.

Udalaren Prebentzio sailak sustatuta, formazio saioak eskaini zaizkie ostalaritzako langileei, drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko baliogarriak diren jarraibideak eta gomendioak azaltzeko asmoz. 

Ostalaritza sektoreari zuzendutako bigarren saioa egin da gaur goizean. Bi saioen artean Koxka, Atraskua, Ttakun eta Etxe-Aitz tabernetako langileek hartu dute parte. Ostalariek ez ezik, Gazteriako hezitzaileek ere jaso dute formazioa eta gauza bera egingo da asteazkenean udaltzainekin. 

“Azkoitia osasuntsua. Azkoitia bizia lelopean, nahi duguna da ohitura osasungarriak sustatu eta kontzientziazio lan bat egitea, kaltegarriak diren portaerak eta haiek eragin ditzaketen arazo fisiko, psikiko eta sozialak saihestuz. Drogen kontsumoaren prebentzioa guztion arazoa da. Erakundeon, gizarte-eragileen, familien eta eskolaren inplikazioa eskatzen du eta horretan ari gara lanean”, azaldu du Prebentzioko zinegotzia den Mertxe Zubillagak.

Formazioa ematen ari den Irene Barrasa gizarte psikologoaren hitzetan, ostalariekin lantzen ari diren saioen helburua da “barraren alde batean eta bestean daudenak babestea eta alkoholaren eta drogen kontsumoarekin erlazionatuta dauden arriskuak murriztea zeren tabernariek hori egiteko aukera paregabea daukate”. Barrasaren arabera, droga ezberdinek eragiten dituzten sintomak azaltzen dira formazio saioetan eta jarraibideak ematen zaizkie “nola jokatu jakiteko izu-krisi, paranoia edo liskar baten aurrean”. 

Garrantzitsua da gainera ostalarien esperientziak eta bizipenak ezagutzea, “horien arabera estrategiak proposatzeko”.

“Alkohola ematen duenaren paper arduratsua ere lantzen dugu. Azaltzen dugu, adibidez, nola ukatu alkohola modu asertibo batean mozkortuta dagoen bati edo haurdun dagoen emakumeari. Legea oso argia da adin txikikoei alkohola  zerbitzatzearen debekuaren inguruan baina aipatutako kasuez, legeak ez du ezer esaten. Hala ere, etikoki zerbitzariak jarrera arduratsua izan beharko luke eta hori ere lantzen dugu”.

Prebentzioa jaietan

Andramari jaietan kanpaina bat zabalduko da “Ondo pasa, pasatu gabe. Azkoitia osasuntsua, Azkoitia bizia” lelopean eta besteak beste, ondorengo mezuak helaraziko dira: “Kontsumitu behar baduzu, arduratsua izan”, “Drogen kontsumoak harremanak baldintzatzen ditu eta arrisku portaerak areagotu” edo “Gehiegizko kontsumoek portaera desegokiak edota agresiboak eragin ditzakete”. 

Hilaren 14an, Eusko Jaurlaritzaren prebentzio zerbitzua tarteko, alkoholemia froga prebentiboa egiteko stand bat jarriko da. Halaber, festetan alkoholimetroak banatuko dira tabernetan eta txosnetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide