Andramaixek 2019

Film laburrak, andramaixetako ezinbesteko osagaia

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 13a, 12:42
Herriko plaza, film laburrak ikusteko.

Badira bederatzi urte herrian film laburren lehiaketa egiten hasi zirela. Azkoitiko festetan adin guztietako herritarrentzat ezer arrakastatsurik antolatzen bada, hori andramaixetako film laburren lehiaketa da. 2011ko andramaixetan egin zuten lehen aldiz lehiaketa, eta orduan parte hartzea txikia izan bazen ere, aurtengo edizioan bost film labur ikusteko aukera izango da.

Hamar taldek eman dute izena aurtengo lehiaketarako, ‘Beldurra’ gaitzat hartuta, baina azkenean bost lan aurkeztu dira guztira. 

Bestalde, abuztuaren 15eko film laburrak emateko ordua orain arte 22:30ean izan da, baina aurten 22:00etara aurreratu dute.

Andramaixetako ekintzarik arrakastatsuenetakoa da film laburren lehiaketa; abuztuaren 15ean herriko plazako koadroa ikusi besterik ez dago. «Arrakasta handia» duela diote Azkoitiko Udaleko kideek. «Herritarrek harrera ona egiten diote urtero lehiaketari, eta, gainera, gero eta lan handiagoa hartzen dute parte hartzaileek», adierazi dute Udaleko Kultura arduradunek. Azaldu dute lehiaketa herrian sortu zutela eta ideia ez zutela beste inondik ekarri. Diotenez, indarra hartzen joan bada ere, urte batzuetan zalantzan egon da lehiaketa, parte hartzea txikia izan delako.

Hori ikusita, Udalak izen ematea uztailera aurreratzea erabaki zuen, eta, ondoren, lanak entregatzeko epea jarri zuen, abuztuan. Modu horretan, aurreikuspenak egiteko aukera izan dute. Halere, nabarmendu dute lehiaketari egindako aldaketa ia gehienak talde parte hartzaileetako kideekin adosten direla bileretan. «Lehiaketak berak erakutsiko bidean egin dira aldaketa guztiak», diote. Hori horrela, ekaineko lehen egunetan bilera egin zuten iaz parte hartu zuten kideek eta Udaleko arduradunek. 2019ko lehiaketako berritasun handiena denbora mugarena da: hamabi minutura luzatu dute gehieneko denbora, eta lehen zegoen lau minutuko gutxienekoa ezabatu egin dute. Aurten, beraz, posible da segundo gutxiko bideoak aurkeztea.

Herritarrek aurkeztutako lanei balioa emateko, epaimahaikideen beharra ikusi zuen lehiaketak, eta, sariak bereizteko eta lan bakoitza xehetasunez aztertzeko, kopuru bakoitiko epaimahai bat osatu zuten. «Batzuek edizio lan handia egiten dute, baina ez dira horren barregarriak izaten; beste batzuek, berriz, alderantzizko lana egiten dute», nabarmendu dute. Bakoitzari bere «balioa» eman behar zaiola uste dute, eta epaimahaiak horretan laguntzen duela. Hasierako urteetan, mahaiko kide bakoitzak bere kabuz ikusten zituen lanak; orain, ordea, guztiak elkarrekin bildu, eta muntaketa, denbora, gaia, soinua eta abar neurtzen dituzte, alor bakoitzari nota jarriz. Gainera, iaz, gutun bidez talde bakoitzaren lana arrazoitu zuen lehen aldiz epaimahaiak.

‘Beldurra’ da aurtengo urterako hautatu duten gaia, bileran erabakia. «Gai honekin, bakoitzak nahi duena bilatzea nahi dugu», gehitu dute udal arduradunek. Zenbait urtetan gai libreak egon izan dira, baina baita askotariko gai zehatzagoak ere: ‘Euskara’, ‘Parodia’, ‘Azkoitiko gazteak’, ‘Nola ligatu baboseatu gabe’, ‘Zurrumurrua’ eta ‘Bai+Bai = Bai, Bai+Ez = Ez’.

Lehiaketan parte hartu ohi duten taldeekin bildu da Maxixatzen, orain artekoa nola oroitzen duten galdetzeko eta aurtengo aurrerapenaren bila.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide