Ion Elorzak irabazi du lagunarteko apustua

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 21a, 11:53

Festa giroan murgildutako lehia estua izan zen atzokoa. Nahiz eta lagunarteko apustua izan dena eman zuten lehiakideek. Gainera, ikusle ugari gerturatu zen ikastolako jolastokira eta Kakutera apustua bertatik bertara ikustera, eta giro bikaina izan zen.

Saskibaloia, aizkora eta mendia uztartu zituzten atzo, zapatua, Xabier Aldalurrek eta Ion Elorzak jokatu zuten lagunarteko lehen apustuan. Xabier Munibe Ikastolako atarian hasi zen lehia, eta saskibaloiari, aizkorari eta mendiari lotutako lanak egin  zituzten. Saskibaloian Aldalurrek 50 hiruko saskiratze egin behar izan zituen; Elorzak, berriz, 30 hiruko saskiratze. Aldalurrek azkarrago bukatu zuen bere lana eta enborraren gainera aurrena igo zen. Biek aizkorarekin kana-erdiko bana ebaki zuten gero, eta lan horretan ere Aldalur nagusitu zen. Enborra moztutakoan, Kakuteko gurutzera abiatu ziren. Aldalurrek, guztira, zazpi minutuko errenta atera zion aurreko lanetan Elorzari, baina, azkenean, Ion Elorza azkarrago iritsi zen Kakuteko gurutzera, eta horrenbestez, berak irabazi zuen apustua.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide