«Apustu etxeen gaia sozializatu beharra» dagoela aldarrikatu dute Igor Meltxorren hitzaldian

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 18a, 08:18
Elkarguneko aretoa, Meltxorren hitzaldian.

Azkoitiko herritar talde batek, «gaia sozializatzeko, hitz egiteko eta kontzientziazio lana» egiteko beharra ikusi du, eta gaia lantzeko eta ikuspuntu desberdinak azalerazteko, bilera egingo dute ostiralean, Elkargunean. Horren harira, atzo, asteazkena, hitzaldia eskaini zuen Igor Meltxorrek.

Azkoitian apustu etxe bat ireki berri dutela eta, herritar talde bat bildu eta inguruko herrietan eman zaien «antzeko erantzuna» eman nahi diete. «Azkoitian ez da egon apustu etxeen inguruko erantzunik edo iritzirik», azaldu zuten hitzaldia baino lehen. Lokal horiei «erantzuteko iritzi kritiko bat» sortzea dute helburu. Azaldu zutenez, gune horiek «normaltasunez eta lasaitasunez» erabiltzen dira, eta «gaia sozializatu beharra» dagoela azpimarratu zuten, «hitz egiteko» eta «kontzientziazio lana» egiteko. Gaineratu zuten, «negozio horiek arazo sozialak eta norbanakoak» sortzen  dituztela. Hori horrela, herritar taldeak Igor Meltxor ekarri zuen Azkoitira, gaia lantzeko.

Meltxorrek Azkoitian emandako hitzaldia «gaia lantzen hasteko bidea» izatea nahi dute. Ostiralean, uztailak 19, Elkarguneko gela batean bilera irekia egingo dute «ikuspuntu desberdinetatik gaia nola landu» daitekeen hitz egiteko. «Giza ikuspuntutik eta herrira begira zer egin daitekeen» aztertuko dute ostiralean, 18:00etan. 

Meltxorren hitzaldia

Azkoitiar talde batek deituta, Igor Meltxorrek 'Jokoa ez da errenta' hitzaldia eskaini zuen atzo, asteazkena, Elkargunean. Erantzun ona izan zuen solasaldiak, jende asko bertaratu baitzen Meltxorrek apustu etxeen inguruan egindako azterketa entzutera. Meltxorrek azaldu zuenez, apustu etxeen inguruko 56 hitzaldi eman ditu; gaiak gizartean «interesa» duela nabarmendu zuen.

«Arazoa» aspalditik datorrela adierazi zuen hizlariak; 2007an eman zitzaizkien apustu etxeei Euskal Herrian operatzeko lizentziak. Esan zuen, jendea «lehen dosira» gonbidatzen dutela apustu etxeek, 250-350 euro arteko bonuak emanda. Apustu etxeak «langabezia tasa handiena duten herriko guneetan» jartzen dituztela ere azaldu zuen, eta estatu espainiarreko zein Euskal Herriko hainbat gune eman zituen adibide gisa.

Salatu zuen, era berean, gizartean eta erakundeetan «normaltasuna» dagoela gune horien inguruan. Kirol taldeek apustu etxeak dituzte babesle gisa, edota horien izenak taldeen izen bezala hartzen dituzte. «Gizartean arazo bezala ikusten ez delako egiten da hori guztia», adierazi zuen Meltxorrek. Apustu etxeek egiten dituzten iragarkien edo publizitateen inguruan ere aritu zen Meltxor. Apustu etxeek publizitatean «milioi asko» gastatzen dituztela jakinarazi zuen; «2018an, 168 milioi euro» eman zuen adibidea. Iragarki horiek, gainera, 'prime time'-ean edo telebistak ikusle gehien duen orduan ematen direla esan zuen.
 

Hainbat datu solasaldian

Meltxorrek ordubete inguruko hitzaldia eskaini zuen Azkoitian, eta datuen bidez azaleratu zituen apustulariengan duen eragina. Esan zuen apustuen ia %98 dela kirol apustua. Apustularien %67a 18 eta 35 urte bitartekoa dela jakinarazi zuen, eta horien %35 adin txikikoa dela, berez jokatzea debekatuta duten arren. «Estatistiken arabera, %10-%15ak irabazten du soilik jokatutakoa, eta %85ak jokatutakoa galtzen du; bestela ez litzateke negozioa izango apustu etxeentzat», eman zituen datuak. Azpimarratu zuen «arazoa larria» dela, «negozioa etengabe hazten» ari delako. «Tragedia» eta «gaitza» hitzak erabili zituen Elkarguneko hitzaldiari amaiera emateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide