Aizpurutxoko zeharbidean oinezkoentzako lotura egiteko proiektua onartu du Foru Aldundiak

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 16a, 12:31
GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren lehen fasea.

Oinezkoentzako loturarekin Foru erakundeak abian jarriko du Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren lehen fasea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onarpena eman dio Aizpurutxoko zeharbidean oinezkoentzako lotura paraleloa egiteko proiektuari. Horrela, Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko proiektuaren lehen fasea martxan jarriko da. Errepide horren hobekuntza Aldundiak legealdirako duen «proiektu estrategikoetako» bat da, Eider Mendoza foru bozeramaileak azpimarratu duenez. «Errepide horren hobekuntza aldarrikapen historikoa da Urola Erdia eskualdearentzat, GI-631 errepideak Gipuzkoako Biribilgunearekin eta Zumarragako ospitalearekin lotzen baitu eskualdea. Erabakiarekin abian jartzen dugu eskualde honekiko zorra kitatzeko prozesua», nabarmendu du Mendozak.

Foru arduradunak azaldu duenez, Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko proiektua «oso garrantzitsua» da. «Eragin zuzena izango du Urola Erdiko herritarren ongizatean eta eskualdearen lehiakortasun ekonomikoan», nabarmendu du foru bozeramaileak. Gi-631 errepidetik 3.300 ibilgailu igarotzen dira egunero; horietatik %10 astunak.

Eider Mendoza Aldundiko bozeramailea. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Mendozak gogorarazi du Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko «proiektuak hainbat jarduketa» hartzen dituela barruan. Hirugarren lerroa jartzea, bide segurtasuna hobetzeko; zenbait bihurgune hobetzea; eta Aizpurutxoko zeharbidea hobetzea. «Erabakiak abian jartzen du fase horietatik lehena, Aizpurutxoko zeharbideari dagokiona», azaldu du. Proiektuaren idazketa 2018ko abenduan amaitu zen, eta aurtengo martxoan jendaurreko erakustaldian jarri zen. Obrak 2020 hasieran gauzatzea aurreikusi dute. Lau hilabeteko iraupena izango dute, eta 341.000 euroko aurrekontua.

Jarduketaren helburua da «bereiztea, batetik, ibilgailuen zirkulazioa, eta, bestetik, oinezkoena. Egungo errepidearen plataformak ez du banantze hori posible egiteko behar adina espazio; beraz, obra hauekin zabaldu egin nahi dira eremu horiek», azaldu dute Foru Aldunditik. Erdikobenta eta Ibaiondo artean, errepidea mendirantz eramango da, eta oinezkoentzako bidea galtzadaren ondoan eraikiko da. Aldiz, Aizpurutxo baserriaren parean, oinezkoentzako bidea ibaiaren beste aldera igaroko da; horretarako, 24 metroko zubi berri bat eraikiko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide