Lagunarteko apustua jokatuko dute zapatuan Xabier Aldalurrek eta Ion Elorzak

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 15a, 12:00
Ezkerrean, Elorza; eskuinean, Aldalur.

Saskibaloia, aizkora eta mendia uztartuko dituzte zapatuan Aldalurrek eta Elorzak. 10:00etan hasiko da apustua, Xabier Munibe Ikastolako atarian.

Datorren zapatuan, uztailak 20, lagunarteko lehen apustua jokatuko dute Xabier Aldalurrek eta Ion Elorzak. 10:00etan puntuan hasiko da lehia, eta saskibaloiari, aizkorari eta mendiari lotutako lanak egin beharko dituzte. Saskibaloiarekin hasiko dira bi lagunak. Aldalurrek 50 hiruko saskiratze egin beharko ditu; Elorzak, berriz, 30 hiruko saskiratze. Bukatu ahala, enborraren gainera igoko dira, eta aizkorarekin kana-erdiko bana ebaki beharko dute. Enborra moztutakoan, Kakuteko gurutzera igoko dira. Gurutzera iristen den lehenak irabaziko du apustua.

Bi protagonistak gogotsu dira hilabeteetako lanaren ondoren, egunean maila emateko. «Lagunen artekoa dela ahaztu gabe, irabaztera goaz, bai bata eta bai bestea», azaldu du Ion Elorzak. Xabier Aldalurrek, berriz, apustuak izango duen festa kutsua nabarmendu du. «Festa giroan murgildutako lehia estua izatea espero dut; horixe litzateke garaipenik ederrena». Apustua ikusteko ez dute sarrerarik jarri, baina otarra baten zozketa egiteko errifak jarri dituzte salgai. Ostiralera arte herriko tabernetan izango dira, eta apustu egunean Xabier Munibe Ikastolako sarreran.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide