Urola Erdiko Mankomunitateak poltsa konpostagarrien banaketarako diru laguntzak esleitu ditu

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 12a, 16:48
Poltsa konpostagarriak.

Esleitu dira 2019-2020an poltsa konpostagarriak banatzeagatik Urola Erdiko Mankomunitateak emango dituen diru laguntzak.

Mankomunitateak antolatu du datozen bi urteetan poltsak banatzeko lehiaketa, eta baditu azken emaitzak. Gainera, Azkoitiko bi guneetan establezimendua aldatu da.

Azkoitian merkatari hauek banatuko dituzte poltsak aurrerantzean, 2021eko uztailaren 1era arte:

Pitxin arropa denda (Julio Urkixo, 26 behea), Hazia belar denda (Julio Urkixo 10, behea), Lujan kioskoa (Kale Nagusia, 72) Odazpi kafetegia (Anaitasuna Plaza, 1).

Establezimendu horietan bi urtetan banatuko dituzte poltsa konpostagarriak doan, eta poltsak bertan banatzen direla adierazteko eranskailu biribil bat izango dute erakusleihoan. Erabiltzaile bakoitzak jaso dezake 40 poltsaz osatutako konpostagarrien erroilu bat doan, eta etxeko helbidea eman beharko du kontrol neurri gisa: urtean gehienez hamabi biribilki (erroilu) jaso ditzake familia edo etxe bakoitzak.

Urola Erdiko Mankomunitateak gogorarazi du banatuko diren poltsa konpostagarriak janari hondarrak botatzeko soilik erabili behar direla, eta ez beste hondakinak botatzeko. Bestalde, eskerrak eman dizkie hondakinak modu egokian sailkatzeko ahalegina egiten duten herritarrei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide