Joanes Balentziaga: «Aurten Espainiako Txapelketaren finalera heldu nahi dugu»

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 10a, 16:10
Joanes Balentziaga.

Sanferminetako Errekortarien Uztai Lehiaketa irabazi du Joanes Balentziagak (Azkoitia, 1996), Ander Lizarralderekin batera. Txapelketa irabazteko "zorteaz baliatu" zirela dio azkoitiarrak.

Iruñeko sanferminetako Errekortarien Uztai Lehiaketa irabazi duzu Ander Lizarralderekin. Nola sentitzen zara?

Oso gustura gaude Ander eta biok, sorpresa izan da lehiaketa irabaztea. Egia da aurten oso indartsu hasi ginela txapelketetan, baina sanferminetako uztai lehiaketa maila handikoa izan ohi da, eta ez genuen espero hain emaitza ona izaterik. Zortea izan genuen, eta zorte horretaz baliatuta, txapelketa irabaztea lortu genuen.

Noiz hasi zinen uztaien lehiaketetan parte hartzen?

Joan den urtean hasi ginen liga honetan parte hartzen Ander eta ni bikote moduan. Urte batzuk lehenago, beste lehiaketa batzuetan aritu izan ginen biok aparte, baina aurreko urtean batera parte hartzea erabaki genuen. Iaz Espainiako Txapelketako finalera sailkatzerik ez genuen lortu, azken momentuan huts egin eta laugarren postuan gelditu baikinen.

Hiru minututan hiru uztai sartu zenizkioten behiari. Emaitza ona al da?

Txapelketa bakoitza desberdina izan ohi da; behi bakoitzaren arabera, uztaiak sartzea konplikatuagoa ala sinpleagoa izan liteke. Iruñean, hiru minututan hiru uztai sartuta irabazi genuen lehiaketa, baina txapelketa errazagoetan, adibidez, sei edo hamar uztai sartu ohi ditu bikote irabazleak. Behien araberakoa da sartu ohi den uztai kopurua.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide