Gutuna: 'Ehorzketa duin baterako eskubidea'

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 9a, 21:04
Azkoitiko hilerria.

Hilberri den Joxe Ramon Ibargurenen senideek gutuna bidali diote Maxixatzeni, atzo, astelehena, hilerrian gorpua lurperatzerakoan jazo zen gertaeraren harira. Gertatutakoaren aurrean «minduta» daudela adierazi dute, eta ez zuela «horrelako ehorzketarik merezi» gaineratu dute.

Hona hemen senideen gutuna:

«Nekez ahaztuko dugun eguna izan da guretzat aurtengo uztailaren 7a. Joxe Ramon Ibarguren senide maitea betiko eraman digu gaixotasun latz batek. Hurrengo egunean hurbil eta goxo agurtu nahi izan genuen gure senidea, hori zen gure xedea, baina ezin esan lortu genuenik. Hamabost senide eta hurbileko igo ginen hilerrira, zuloa prest zuen ehorzleak eta denon artean hilkutxa zuloan sartu genuen. Hortik aurrera sentitu genuena zaila zaigu hitzez adierazten. Hilkutxa lurrez estaltzen hasi zenean aurrez bertan lurperaturik zegoen pertsonaren arropa zatiak agertzen hasi ziren, zeinak lurrarekin batera zihoazen hilkutxaren gainera. Arropa zatiak izan ziren aurrena, kaskezur bat ikusi genuen gero, eta orotariko hezurrak agertu ziren azkenean, denak aurrez bertan ehortzia zegoen norbaitenak, denak lurrarekin nahasita hilkutxaren gainera zihoazenak. Oso triste gaude senide maite bat galdu izanarekin, eta oso minduta gaude hilerrian gertatu zenarekin. Joxe Ramonek ez zuen horrelako ehorzketarik merezi. Inork ez du horrelakorik merezi».

Joxe Ramon Ibargurenen senide guztien izenean

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide