Andramaixek 2019

Inoiz baino talde gehiagok eman du izena andramaixetako film laburren lehiaketan

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 9a, 12:42
Herriko plaza gainezka film laburrak ikusten, iaz.

Hamar taldek eman dute izena aurtengo andramaixetako film laburren lehiaketan parte hartzeko. Inoizko parte hartzerik handiena espero dute Udalean, eta ondorioz, ziurtzat eman dute abuztuaren 15eko filmen proiekzioa ordu erdi aurreratuko dutela.

IX. Andramaixetako Laburmetrai Lehiaketarako hamar taldek eman dute izena. Aurreko edizioetan ohikoak diren taldeek eman dute izena, baina aurten estreinakoz parte hartuko dutenak eta inguruko herrietakoak ere izango dira. Uztailaren 5ean, ostirala, itxi zuen izena emateko epea Udalak. 'Beldurra' gaitzat hartuta, lanak egiten edota egindakoak aurreratzen hasi beharko dute parte hartzaileek orain. Nahiz eta izena hamar taldek eman duten, ikusi beharko da zenbat aurkezten diren, film laburrak abuztuaren 7rako, asteazkena, eraman behar baitira udaletxera.

Proiekzioa aurreratu dute

Izen ematea inoizko handiena izan da aurten; iaz zazpi taldek eman zuten izena eta aurten hamarrek. Hori ikusita, Udalak ziurtzat eman du film laburren proiekzioa 22:00etan hasiko dela, herriko plazan. Orain arte ohikoa izan da 22:30ean hastea, baina «gehiegi ez luzatzeko», ordu erdi aurreratu dute. Abuztuaren 15ean, 22:00etan eskainiko dituzte beldurrari lotutako lanak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide