Urrategiko festak ospatuko dituzte asteburuan

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 12a, 11:08
Urrategi auzoan uztailaren 14a, igandea, izango da egun handia.

Ostiralean, uztailak 12, mus txapelketa izango den arren, igandean, uztailak 14, izango dute festa egun nagusia Urrategi auzoan. Urtero bezala, meza nagusiak, herri kirolek, puzgarriek eta trikitilariek protagonismo berezia izango dute.

Ostiraleko mus txapelketa azkarra 22:00etan hasiko da. Lehen lau postuetan amaitzen duten bikoteentzat izango dira sariak. Bikote txapeldunak txapelak, 300 euro eta oparia jasoko ditu; txapeldunordeak 150 euro eta oparia; hirugarren sailkatuek bi lagunentzako afaria Isidro erretegian eta oparia; eta laugarrenek bi oilasko eta oparia.

Igandea izango da festa egun nagusia Urrategi auzoan. 09:00etan eta 11:00etan mezak izango dira; bigarrena izango da nagusia. Ondoren, 12:00etan, bertsolarien txanda izango da. Agin Laburu eta Iker Zubeldia bertsolariek bertso saioa eskainiko dute. 12:30ean, berriz, herri kiroletako proba konbinatua jokatuko dute Urrestilla auzoko eta Urrategi auzoko kirolariek. Urrestillako bikotea Mikel Larrañagak eta Xabier Aranburu 'Guzta'-k osatuko dute. Urrategi auzoko bikotea, berriz, 'Txikia IV'-ak eta 'Goenatxo III'-ak. Ordubete geroago, Zabale eta Larrañaga trikitilariek alaituko dute auzoa.

Arratsaldean, 16:30ean, Lopene etxeko abereak plazaratuko dituzte auzoan, eta pilotalekuan ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak egongo dira. 18:00etan, Izer Etxetxo, Koatei eta Txibilter baserrietako astoekin asto proba jokatuko dute. Irabazleak Lizarri Eraikuntzak etxeak emandako manta jasoko du. Amaitu bezain laster, Zabale eta Larrañaga trikitilariek erromeria eskainiko dute ilundu arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide