Uztailaren 19an egingo dute Azkoitiko VI. Duatloi Herrikoia

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 4a, 13:28
Iaz egindako probaren hasiera.

Uztailaren 19an, ostirala, egingo dute aurtengo duatloi herrikoia. Seigarren aldiz egingo dute herri proba eta parte hartzea sustatu asmoz bi irteera izango ditu, 18:30ean.

Uztail erdira bidean, azken urteetan ohiko den duatloi proba jokatuko da Azkoitian. Aurten seigarren edizioa izango du duatloi herrikoiak, eta uztailaren 19an, ostirala, 18:30ean hasiko da. Duatloi probaren ibilbidea berdina izango da. Balda plazan izango ditu irteera eta helmuga. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte hasteko korrika, eta bizikletan Munategiko industrialdera egin beharko dute joan-etorria. Probari ekiteko, birritan egin beharko dute bi kilometroko ibilbidea lasterka. Gero, bizikletan egingo dituzte 5,2 kilometro, eta amaitzeko, kilometro bat egin beharko dute korrika.

Parte hartzea sustatzeko asmoz, gainera, berrikuntza txiki batzuk egin dituzte antolatzaileek. Bi irteera egingo dituzte Balda plazatik.18:30ean, irteera lehiakorra egingo dute, eta handik minutura, irteera taldean. Azkoitri Triatloi Klubeko kide baten laguntzaz, eta erritmo lasaian, ibilbidea taldean egiteko aukera eskainiko dute. Antolatzaileek gaineratu dute, triatloi lizentzia dutenek ere parte hartu ahal izango dutela proban, eta sailkapenean ere agertuko direla, baina ezingo dutela saririk jaso. Izen ematea zabalik dago dagoeneko eta bost euro ordaindu beharko da. Hala ere, egunean bertan dortsala hartzerakoan bost euroak itzuliko dira. Izena emateko azken eguna uztailak 19 izango da, eguerdiko 12:00ak arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide