Matadeixe, itxuraberrituta eta osasuntsu

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 10a, 09:00
Matadeiko aretoan asteazkenero batzarra egiteko biltzen dira Matadero Ekintzak taldeko hainbat kide.

Matadero Ekintzak, kultur programazioa eskaintzen duen taldeak, 23 urte bete berri ditu, eta, ospakizun horren harira, hainbat ekitaldi izan da ekainean. Gainera, Matadeixe eraberrituta ospatu dute aurtengo urteurren festa. Izan ere, joan den abenduan ireki zituzten berriro Matadeiko ateak, bost hilabetez berritze lanetan aritu ondoren.

Azkoitiko abere hiltegiaren eraikin zaharrena 1861ean eraikitakoa da, eta ondoren, 1914. urtean, zati bat erantsi zioten. Hiltegia izateari utzi eta gero, Bonba eta Kiriko azkoitiarrek txatarra biltzeko eta bizitoki moduan erabili zuten. Gero, 1984an, herriko musika taldeak Matadeiko lokaletan entseatzen hasi ziren. Eta 1996. urtean, hiltegiko lokal handia, gaur egungo areto nagusia, egokitu eta txukundu eta Matadero Ekintzak taldeak okupatu zuen, eraikin horretan kultur ekintzak antolatzeko.

Ordutik, hiltegi zenari bizi berria ematen ari dira, eta asko izan dira Matadeixen antolatu diren ekitaldiak eta bertan bildu diren taldeak. Esaterako, herriko musika talde hauek entseatzen zuten han: Direccion Obligatoria, Jotakie, Os Gallardos, Akauzazte, Anari…

Matadero Ekintzak taldeak bere sorreratik antolatzen du urteurren festa ekainean, eta aurten 23 urte bete ditu. Gaur egun, 15-20 kide inguru daude aktibo Matadero Ekintzak taldean, eta bakoitzak gustuko dituen talde edo norbanakoak proposatzen ditu urte osoko kultur programazio askotarikoa osatzeko. Horrez gain, kanpoko proposamenak ere jasotzen dituzte, eta taldekideek batzarretan erabakitzen dute antolatu edo ez.

Taldea garai «zoragarrian» dagoela uste dute kideek. «Azkenaldian, taldera gazte mordo bat gerturatzen ari da lanerako gogoarekin, eta hori oso ona da. Gustura gaude, aspaldiko jende gehiena baikaude». Asteazken arratsaldetan batzarrak egiten dituzte, jendeak zer asmo dituen jakiteko, etxearen eta programazioaren jarraipena egiteko edota arazoren bat dagoenean irtenbidea ematen saiatzeko. «Beti egoten da zerbait hitz egiteko», diote.

Matadeixe kultur programazioa eskaintzen duen gune bat da, eta, horrez gain, ateak irekita daude bestelako ekinaldiak antolatzeko. «Guztientzat dago zabalik, edozein ekarpen egiteko edo bertan dagoena jasotzeko», diote. Horretarako, Matadeiko batzarrera joan besterik ez dago, bertan gauzak proposatu, taldera gerturatu edo laguntzeko. «Hona datorren oro esku zabalik hartuko dugu. Hala ere, ekarpen batzuei ezetz esan behar izan diegu, ez zirelako bideragarriak. Esaterako, bizilagunekin ondo eramatea oso kontuan hartzen dugu. Adibidez, denok ados gaude zarata saihestu behar dela, ordu batzuetatik aurrea, behintzat». Ekitaldi jendetsuenak kontzertuak izaten dira. Lehen, antzerki emanaldiek jendetza biltzen zuen, baina azkenaldian kontzertuek indarra hartu dute.

Herrian horrelako mugimendu bat egotea «oso garrantzitsua» dela uste dute taldekideek: «Oso leku gutxitan daude horrelako guneak. Zeuk egiten duzun gauza bat da: ez baduzu egiten ez da ezer loratuko, eta egiten baduzu, aldiz, bai. Beste inon ematen ez den aukera bat da. Espazio berean bildu eta elkarrekin hainbat gauza jorratzeko aukera ematen digu. Lagun asko ezagutzeko abagunea ere ematen digu Matadeixek, mundu osotik hona jotzera datozenak. Eta guztioi gustatzen zaigu beste inon ikus ezin daitezkeen gauzak ikustea herritik mugitu gabe, etxe ondoan. Bestalde, gauzak antolatzea gustatzen zaigu. Taldeak gogotik egiten du etxe hau mantentzeko lana, garagardo batzuk hartzeaz gain. Taldearekin konpromiso bat hartua dugu, lekuak berak zerbait ematen digulako».

Gainera, sorkuntzarekin ere lotura estua du guneak, eta horregatik ere etortzen da jendea taldera. Esaterako, egun zazpi bat musika taldek entseatzen dute bertako lokaletan. Bestalde, urte osoan hamaika kontzertu, hitzaldi, eztabaida eta antzerki loratzen da Matadeixen, eta, horrez gain, Bebarruko Jardunek, Kontrako Eztarrixe, Zinematogram taldea, txalaparta eta perkusio taldea, liburutegia, hemeroteka, baratzea eta abar lantzen dira.

Arlo ekonomikoari begiratuta, berriz, aretoan barra bat dago, eta hor ateratako dirua eta udalak emandako laguntza ekonomikoa erabiltzen dituzte Matadeiko urteko gastuak tapatzeko.

22. urtemugan Matadei atarian bazkaldu zuten hainbat lagunek.

Matadeiko 22. urtemugan serigrafia tailerra egin zuten.

Kontzertu bat Matadeiko agertokian.

 

Itxura propioa zein berezia

Matadero Ekintzak taldeak kudeatzen duen espazioa berritzeko lanak hasi zituzten 2018ko udan, eta, bost hilabetez lanean aritu ostean, abenduan zabaldu zituzten ateak berriro. Bestelako itxura bat hartu du guneak: dekorazioa aldatu dute eta lekua itxuraberritu dute. «Zaharra zegoena berritu dugu, aretoko eta sukaldeko hormak margotu eta txukunketa lanak egin ditugu. Hala ere, guneak betiko nortasunari eusten dio. Denbora pasatu dugu berritzen, baina dena geuk egin dugulako. Behar zuen halako berritu bat». Batez ere, sistema elektrikoko kableak berritu dira. Barra berria ere jarri dute, eta beste era batera egituratu dute eremu hori. «Soinu mahaia, esaterako, barraren beste aldera mugitu dugu». Horrez gain, agertokian argi eta bafle berriak ipini dituzte eta leihoen kristalak ere aldatu dituzte.

Lan banaketari dagokionez, bakoitzak zekienaren edo abilezien arabera aritu dira, auzolanean betiere. Hamabost kide baino gehiago aritu dira aretoa atontzen eta garbitzen une batean edo bestean: «Jende asko pasatu da hemendik; denbora librea zuen jende asko etortzen zen zerbait egiteko ba al zegoen galdetzera eta laguntzera», azaldu dute.

Berrikuntzen ostean, itxura propioa zein berezia hartu du Matadeixek, eta hiltegi zaharraren hormek zutik eta bizirik diraute.

Matadeiko agertokia.

Goian, Matadeixe berritu aurretik; behean, berritu ondoren. Argazkiak: Ainhoa Beristain.

Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide