Iban Garcia: «Jendearengana hurbiltzeko beste bide bat aurkitu dut sare sozialen bitartez»

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 25a, 08:30
Iban Garcia.

Youtuberra da Iban Garcia Azpiazu (Azkoitia, 1999). ETB1eko ‘Gure kasa’ saioan dabil orain buru-belarri, eta irailean hirugarren denboraldia hasiko dute. 11 urterekin hasi zen Youtubera bideoak igotzen, eta, kritikei eta esanei aurre eginda, 120.000 harpidedun izatera iritsi da azkoitiarra. Orain arte egin duen bideari eta etorkizunerako dituen asmoei buruz hitz egin du Garciak Maxixatzenekin.

Esan daiteke ‘Gure kasa’ saioa zeuk irekitzen duzula.

Programa hasi zenetik gaur egunera arte pantaila aurrean jarraitzen dugun bakarrak hiru aurkezleak eta ni gara. Zerbait gustatuko zen aurkezleez gain nik bakarrik jarraitzeko. Beste guztiak berriak dira. Asko eskertzen dut nire sekzioa gustatu izana; programaren aldaketa guztien ondoren bizirik iraun du. Programaren hasieran izaten da, audientzia datuen arabera hasieran ikusten dutelako saioa umeek. Jendearen iritzia oso ona da. Nire sekzioa bizirik atera da programaren aldaketa guztietatik, eta espero dut aurrerantzean ere jarraitzea. Nire sekzioa horren desberdina da egunero... Ez dut markatutako ezer, eta horren desberdina izateak jendea ez du aspertzen.

Noiz hasi zinen sare sozialetan murgiltzen?

Lehen kamera jaunartzean jaso nuen. Gustuko nuen mundu hori, eta saltseatzen hasi nintzen. Etxean ETBko pertsonen imitazioak egiten nituen: belaki bat hartu eta mikrofonoa balitz bezala erabiltzen nuen amari elkarrizketak egiteko, pailazoen esketxak imitatzeko… Grabatu bai, baina igo ez nuen inongo plataformatara igotzen, ez bainekien horrelako ezer zegoenik ere. 2010eko abenduan, telebistan Youtuberen berri izan nuen. Saltseroa izanda, sartu eta kontua sortu nuen. Horrela hasi nintzen bideoak igotzen. Gogoan dut lehen bideoa nire auzoaren ingurukoa zela; sekulako ilusioa egin zidan bideo hura Youtuben ikusteak.

Niretzat bazen zerbait, baina nire ingurukoentzat ere bai, inork ez baitzekien zer zen bideoak igotzeko plataforma. Hasieran nire bideoetan ez nintzen ni agertzen, baina gerora ikusi nuen Youtuben bazela jendea bere burua erakusten zuena, eta horrela hasi nintzen. 2011n hasi nintzen neure burua erakusten.

Urteak behar izan nituen audientzia kopuru handi batera iristeko. Hiru urte pasatu ziren mila harpidedun izatera iristeko. Handia izan zen hori niretzat. Booma, ordea, 2014an izan zen. Caeli youtuber ezagunak kolaborazio kanal bat sortu zuen, eta egunero youtuber baten bideoak igotzen zituen. Castinga egin zuen, eta ni aurkeztu, eta nire bideoa hautatu zuen. Hilabete batean 40.000 harpidedunera iritsi nintzen, baina ni ez nengoen prestatuta. Egiten nuen edukia hobetu egin beharko nuela pentsatu nuen, ikusle gehiago bainituen.

Hortik irratira eta telebistara jauzi egin zenuen.

Ez nuen imajinatzen Youtube leiho bat izango zenik. Gu ta gutarrak saioaren jarraitzaile sutsua nintzen, eta antolatu zuten youtuberren lehiaketan parte hartu nuen. Hiru aldiz irabazi nuen. Behin horrela, ETBko pasilloetan Gu ta gutarrak saioko zuzendariarekin egin nuen topo, eta nola moldatzen nintzen gustatu zitzaiela esan zidan. Hiru hilabete egin nituen saioan, baina, denbora faltagatik eta programan gustura sentitzen ez nintzelako, utzi egin nuen. Unibertsitatean sartzearekin batera lan egitea zen nire asmoa, eta, selektibitatea amaitu bezain laster, Gu ta gutarrak saioko zuzendariak whatsapp mezu bat bidali zidan proiektu berri bat zutela esanez. Nik baiezkoa eman nion zeri buruz izango zen ondo jakin gabe. Uda horretan Gaztea irratian kolaboratzen hasi nintzen, eta egun horietako batean egin genuen lehen bilera Gure kasa saioa prestatzen hasteko. Pentsa, aurkezleekin bildu baino lehenago bildu ziren nirekin. Whatsappeko mezu hark gaur egungo bizitza aldatu dit. Bi urtean egunero-egunero ETBko pantailan agertzea bada zerbait, eta ez da erraza.

Dena biribil atera zaizu orain arte.

Jendeak ez dio baliorik ematen, baina atzean lan eta lan aritu naizen urteak daude. Jendeak uste du egun batetik bestera iritsi naizela, baina 2011tik hona urte asko pasatu dira. Youtuben bai, baina ikusten zutenek niri barre egiteko ikusiko zuten agian. Horrek guztiak asko lagundu dit gaur egun nagoen lekura iristeko.

Gaur egun, ETBn ez zara ‘Gure kasa’ saioko kolaboratzailea bakarrik.

Egiten dudan lana Gure kasa saioarekin lotuta dago. Kolaboratzailea izateaz gain, komunikazio arduraduna naiz, hau da, webguneko bideoak eta sare sozialak –Instagram, Twitter eta Facebook– kudeatzeko ardura dut. Animatzailea ere banaiz: saioa hasi aurretik jendea animatzen dut, txisteak kontatuz, abestuz eta dantzatuz. Nire sekzioaren barruan neu naiz arduradun bakarra. Bideoaren ideiak pentsatzen ditut, eta gidoiak, bideo grabazioak eta edizio lanak egiten ditut. Prozesu guztia neuk egiten dut. Hasieratik horrela izan zen, eta horrela da orain ere. Sekulakoa da telebistan askatasun hori izatea; gutxik izango dute. 360 graduko ikasketa egiten ari naiz.

Izena aldatu diozu orain gutxi Youtubeko zure kanalari.

DespertaVlogs izenarekin kanala sortu nuenean umeentzako edukia sortzen nuen. Orduan oso modan zegoen guztiari blog izena jartzea. Neure marka pertsonala ari naiz sortzen, eta ez naiz youtuberra bakarrik. Gauza asko egiten ditut eta ez zait gustatzen leku bakoitzean izen desberdina izatea. Ez nuen nahi, gainera, nire izen artistikoa DespertaVlogs izatea; ez dut gustuko, ez du zerikusirik nirekin. Ni Iban Garcia naiz telebistan, Youtuben eta beste leku guztietan. Nire marka pertsonala neure izenarekin sailkatu nahi dut.

Egungo joeretara jo duzu azkenaldian zure bideoetan.

Youtuben, egunetik egunera guztia aldatzen da. Modei ez badiezu jarraitzen, oso-oso arrakastatsua izan behar duzu arrakasta izateko. Bisita batzuk izan nahi badituzu, eta zergatik ez, dirua irabazi, egungo joerei jarraitu behar diezu; hori nabaritu dut azken hilabeteetan. Modan dauden bideoak egin ditut, eta izugarrizko arrakasta izan dute. Jendearengana hurbiltzeko beste bide bat aurkitu dut sare sozialen bitartez. Nire bizimodu soila ez zaio interesatzen jendeari, baina nire bizitza oso modan dagoen bideo mota batean sartzen badut, jendeak ikusi egiten du.

Adibidez, zein dira egungo joerak?

Gaur egun, jatekoarekin lotura duten bideoek arrakasta itzela dute, eta 24 orduko ekimenek ere bai. Horrek morboa sortzen du jendearengan, baita saltseoak ere: ekintza bat egitean jendeak bizia nola sakrifikatzen duen, nola sufritzen duen ikustea gustatzen zaio. Nik asko igotzen ditut modako abestiak, arrakasta dute. Etorkizunean zer izango den, batek daki; etorri ahala egokituko naiz.

Sekula pentsatu duzu gai serioagoak jorratzea?

Bai, pentsatu izan dut gai delikatuak nire ikuspuntutik lantzea, gai delikatuei buruz ere hitz egiten da-eta gazteen artean. Halere, iruditzen zait beste ikuspuntu batetik hartzeko aukera dagoela ni bezalako pertsona batek hitz egiten badu gai horien inguruan. Momentuz, neure burua umoretik ikusten dut, baina ez diot aterik ixten etorkizunean seriotasun itxura hartzeari.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Pertsona saltseroa eta bitxia naiz, ero moduan bizi dena. Ez dut pentsatzen bihar zer egin behar dudan: egunerokoan bizi naiz, ezin naiz geldirik egon. Ezer ez badut egiten, sentitzen dut denbora alferrik galtzen ari naizela. Adibidez, autoko momentua da nire eguneko momenturik gustukoena; autoan etortzen zaizkit burura bideoetarako eta telebistarako ideiak. Gauzak bi aldiz pentsatu gabe egiten ditut.

Inoiz izan duzu arazorik bideoekin?

Birritan pentsatu gabe egindako bideoekin, ez nekien zer-nolako ondorioak izango nituen. Gaur egun, adibidez, markekin lan egiten dut. Bideo batean denda bat promozionatu nuen, eta beste bideo batean, berriz, konpetentzia den beste denda bat… Bideoa ezabatzeko ere eskatu izan didate. Horrek arazoak sortu dizkit, baina horiei aurre egiten jakin dut.

Markekin ere aritzen zara, orduan.

Ordezkari bat dut, eta hark ematen ditu nire kontu guztiak. Markak helbide elektronikora iristen bazaizkit, hari birbidaltzen dizkiot. Hark egiten dit kudeaketa guztia, kontratuak sinatu behar direnean, negoziatu behar denean… Marka batekin kolaboratzeko interesa badut, neuk ere idazten diet markei. Hilean gutxi gorabehera milioi bat ikustaldi ditut Youtuben. Horrekin irabazten dudan dirua duela lau hilabete irabazten nuena baino gehiago da, baina ezin naiz hortik bizi. Uste nuen baino diru gehiago ematen du. Ez dira zentimoak, euroak dira. Egun ETBtik bizi naiz, baina markek eta Youtubek ere laguntzen dute.

Zenbat bideo igotzen dituzu astean?

Bideo bat igotzen dut igandero 19:00etan. Orain, udan, ordea, bi bideo igoko ditut. Lehen hilean 1.000-2.000 harpidedun irabazten nituen, eta orain 12.000 inguru ari naiz irabazten. Bultzada handia da, eta baliatu egin nahi dut.

Euskaraz bideo gutxi igotzen dituzu zure kanalera.

Youtuben ematen dudan denborari ordaina atera nahi badiot, euskaraz ezin dut, tamalez. Pena ematen dit. Ezin da euskaraz bizi, katalanez bizi ezin den bezala; erdaraz bai. Gure kasa saiorako lau bideo egiten ditut astean, eta saiatzen naiz bideo horiek nire Youtube kanalera igotzen. Horrela, Youtubeko nire publikoak badu aukera astean lau bideo euskaraz ikusteko.

100.000 jarraitzaile baino gehiago dituzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Nik askotan zenbaki bat ikusten dut. Pertsona horiek guztiak aurrean jarriko balitzaizkidake, ez nintzateke gai izango bideo berbera egiteko. Ez naiz kontziente zenbaki horien atzean pertsonak daudela. 100.000 pertsona Azkoitia bezalako hamar herri dira. Horrek inpaktu handia sortu zidan, baina ohituta nago. Halere, amak beti esan izan dit oinak lurrean izateko, gaur gustuko dutena bihar agian ez dutelako izango. Horregatik, unibertsitatean ikus-entzunezko ikasketak ari naiz egiten. Inoiz ez dut pentsatu ikasketak uztea.

Aktore ere bazara hein handi batean…

Ni beti saiatzen naiz naizena izaten, bizitzan, Youtuben edota telebistan. Normala den bezala, ez naiz eguneko 24 orduetan motibatuta bizi. Kamera baten aurrean zaudenean beti interpretatzen duzu pertsonaia bat, baina inoiz ez naiz saiatu pertsonaia bat sortzen: beti naiz Iban Garcia, baina kameren aurrean pertsonalitate pixka bat indartsuagoarekin. Interpretazioa beti dago. Telebistako platora pozik eta energiarekin sartu behar da. Berdin gertatzen da kalean pertsona batek argazkia eskatzen dizunean; lanak horixe dakar berarekin. Youtuben, aldiz, grabatzea ekidin dezaket egun txarra dudanean.

Ezaguna zara. Ezagunagoa izatea gustatuko litzaizuke?

Askotan esan didate ospetsua naizela; ez zait batere gustatzen hitz hori. Ezaguna naiz, lanak dakarrelako hori. Askotan, ezagutze soilak pertsona bat miresteraino eramaten zaitu, eta horrek arduratu egiten nau. Agian pentsatzen dudan baino eragin handiagoa dut jendearengan. Ezagunagoa izatea gustatuko al litzaidakeen? Ez. Arrakasta izatea bai, baina ezagunagoa ez. Gustatzen zait kalean jendea gerturatzea, baina lasai ibiltzea ere gustuko dut.

Hobetzekorik ba al duzu?

Beti dago hobetzeko, beti dago ikasteko zerbait. Orain arte ikasitakoa neure kabuz ikasi dut, Youtubeko tutorialak ikusita edota autodidakta bezala neuk ikasita. Aspergarria litzateke ikasteko ezer izango ez bagenu. Dena baldin badakizu, zer grazia du bizitzak? Nahiz eta ez pentsatu, beti dago zerbait ikasteko.

Zailtasunik izan al duzu bide horretan?

Jendearen esanak eragin egiten du, nahi ala ez. 11 urterekin hasi nintzen Youtuben, eta orduan ez nengoen prestatuta kaleko edo eskolako esan txarrak entzuteko. Horrek eragin egin dit, eta askotan uztea ere pentsatu izan dut. Puntu batera iritsitakoan pentsatu nuen bide honi heldu nahi niola. Kritikatzen ninduen jendeak orain argazkiak eskatzen dizkit, oso ona naizela esaten dit, baina pertsona berberak duela hiru urte ergela nintzela eta nire bizitzarekin zerbait egin behar nuela esaten zidan. Zaila izan da kritikak onartzea eta hortik aurrera egitea.

Zer ikasi duzu sare sozialetako eta telebistako ibilbidetik?

Gezur asko dagoela munduan eta publikotasunean. Ezer ez da ematen duen bezalakoa; bereziki, sare sozialetan eta telebistan. Egia oso gutxi, manipulazio handia eta gezur asko dago. Ikusitakoa sinistu aurretik ez barneratzen ikasi dut. Asko maneiatzen gaituzte eta asko sinetsarazi nahi digute. Modu bateko zein besteko faltsutzeak ere badaude jendeak era batera edo bestera sinesteko. Kontuz ibili behar da sare sozialetan sortzen den edukiarekin, gazteak manipulatzen oso errazak dira eta. Sare sozialetan gauzak ez dira ematen duten bezalakoak.

Ama ere bidelagun duzu azkenaldian. Nolatan?

Youtuberako amarekin egin nuen bideo bat, eta ETBkoek esan zidaten amarekin bat egiteko telebistarako. Egin genuen, gustatu zitzaien eta orain astero bideo bat grabatzen dugu elkarrekin. Lotsa ez da izan inoiz gure trabetako bat; amari gustatu egin zaio, saltseroa izan da beti, eta ni alboan izanda eroso sentitzen da. Ez nuen uste inoiz amarekin bideoak grabatuko nituenik. Gurasoak sare sozialen aurkakoak izan dira betidanik. Gaur egun nire jarraitzailea da, eta beti etortzen zait ama bezala ondo dagoena eta gaizki dagoena esatera. Iruzkinak ere beti irakurtzen ditu.

Zein da grabatu duzun bideorik arraroena?

Gauza arraro asko egin ditut, bereziki Gure kasa saiorako; 300 programatan, pentsa. Behin boda batean sartu nintzen. Zenbat kamera ezkutu, challenge eta ideia zoro egin ditudan neuk ere ez dakit. Donostiako Kontxan komuneko paperekin momiarena egiteko esan nien behin. Azkoitiko hilerrian ere pasatu nuen gaua. Horiek izan daitezke.

Youtuber izateari ikusten diozu amaiera eperik?

Izan lezake, baina oraintxe bertan ez. Telebistari eta komunikabide tradizionalei baino etorkizun handiagoa ikusten diot youtuber izateari. Eremu edo esparru handia du, youtuber izateak berekin batera beste sare sozial guztiak edukitzea esan nahi baitu.

Etorkizunerako zer asmo dituzu?

Youtuberen munduan ikusten naiz: askeago eta gusturago sentitzen naiz. Neu naiz edukia sortzeko nagusi propioa; ez dago audientziari begiratu beharrik, ez eta nagusiari gustatuko ote zaion arduratu beharrik ere. Halere, telebistan proiektuak irteten bazaizkit, egin egingo ditut, ziur.

Mundu horretan lehen urratsak egiten ari denari edo egin nahi dituenari zer aholku emango zenizkioke?

Diruagatik ez egiteko, hasteko, bere buruagatik frustratuko delako eta azkenerako utzi egingo duelako. Jendearen esanak alde batera utzi behar dira; beti egongo da aldeko eta kontrako jendea. Gustatzen delako egin behar da, aurrera segi, eta nahi dena lortu arte borrokatu.

Motzean:

Erreferente bat: Aitziber Garmendia.

Gehien miresten duzun pertsona: Ama.

Pelikula bat: ‘A ciegas’.

Abesti bat: Zetak taldearen ‘Errepidean’.

Liburu bat: Ez naiz liburuzalea.

Oporretara joateko toki bat: Salou.

Gustuko duzu: Lagunekin pintxo-potea egitea.

Gorroto duzu: Igandeetako biharamuna.

Herriko txoko bat: Floreagako patioa

Azkoitiko alkate bazina: Zapatuetan kontzertu gehiago jarriko nituzke.

Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide