Jokin Sudupe: «Lortutako emaitzek arrantzan jarraitzeko indarra eman didate»

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 3a, 09:36
Jokin Sudupe arrantzalea.

Munduko txapelketara joango da abuztuaren 10etik 14ra Jokin Sudupe Umerez arrantzalea (Azkoitia, 2001). Salmonidoen euli arrantza egiten du Azkoitiko Orion Arrantza eta Ehiza Elkarteko kideak. Iaz Gipuzkoako eta Espainiako txapelketak irabazi zituen, eta bigarren sailkatu zen Euskadiko txapelketan. Txekian jokatuko da gazte mailako munduko txapelketa, eta azkoitiarrak lan ona egin nahi du. Maxixatzenekin elkartu da Sudupe.

Nola gogoratzen duzu lehen arrantza aldia? Non eta noiz izan zen?

Aspaldi hasi nintzen, eta gutxi oroitzen dut. Hasieran Zumaiako klub batean hasi nintzen. Han federatu nintzen 12 urterekin-edo, eta han hasi nintzen lehiatzen. Bi urte egin nituen Zumaian, eta gero sartu nintzen Azkoitiko Orion Errantza eta Ehiza Elkartean.

Nola izan zen arrantzan zure izena jartzeko pausoa?

Lau urte inguru daramatzat Orion elkartean; betidanik izan dut harremana Orion elkartearekin. Herrian egiten ziren txapelketetan ere parte hartzen nuen, nahiz eta askotan ez izan.

Euli arrantza egiten duzu. Zertan bereizten da gainerako modalitateetatik?

Egunero jaten duten arrainarekin engainatzen ditugu arrantzatu nahi ditugun arrainak. Ez da haientzat berria den gauza batekin arrantzatzen: egunero-egunero jaten duten eltxo batekin aritzen gara. Horrek bereizten du modalitate hau.

Gainerako modalitateetan ibiltzen nintzen hasieran, baina orain ez. Orain euli arrantza egiten dut bakarrik, probatu nuenetik asko gustatu baitzitzaidan. Euli arrantzan, arrantzaleak berak joan behar du arrainaren atzetik.

Zenbateraino dago arrantza zure bizitzan sartuta?

Asko! Dudan adinarekin, beste gauza batzuei lehentasun handia ematen diet, baina garrantzitsua da nire bizitzan. Deskonektatzeko erabiltzen dut arrantza: nire aisia da.

Emaitza oso onak lortu dituzu azkenaldian, Gipuzkoako eta Espainiako txapelketak irabazita. Nola prestatzen zara?

Sasoi onean nagoela esan daiteke, bai. Arrantzara joatea da gakoa. Fisikoki ez naiz asko prestatzen, nahiz eta jendea badagoen horrela prestatzen dena. Nire ustez, ez du abantailarik fisikoki prestatzeak. Lortutako emaitzek arrantzan jarraitzeko indarra eman didate.

Abuztuan gazte mailako munduko txapelketan parte hartuko duzu, Txekian. Zein da zure asmoa?

Duela gutxi izan naiz Txekian, ikasturte amaierako bidaian. Oso zaila izango da; maila handia egongo dela aurreikusten dut. Errekan bakarrik arituko gara aurten, aintzira kendu egin baitute txapelketaren antolatzaileek. Errekan, Espainia izan ohi da faboritoa, eta lakuetan, berriz, Frantzia. Taldezka zerbait lortzeko aukera ikusten dut.

Gogoratzen duzu albistea jaso zenuen unea?

Banekien Espainiako txapelketa irabaziz gero munduko txapelketan parte hartzeko aukera izango nuela. Urte batzuk eman ditut sailkapeneko goiko postuetan, eta banekien Espainiako txapelketako lehen hiru pertsonek munduko txapelketara joateko aukera izango zutela.

Azkoitian gutxik izango dute aukera esateko munduko txapelketa batean parte hartzea lortu duela. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Harro sentitzen naiz egindako lanarekin. Urte askoan aritu naiz lanean, denbora asko egon naiz horren zain, eta sari moduan hartzen dut. Gazte mailako munduko txapelketara iristea nuen helburu, eta lortu dut.

Zer izan behar du arrantzale on batek?

Denetik izan behar du. Ez du balio gauza batean edo bestean ona izatea; orokorrean izan behar da ona. Esaterako, ibaia ondo ezagutu behar da, nola dagoen, zenbat urekin jaisten den, ulertu egin behar da non ibili. Ur korronte bat ikusita, bakoitzak gauza bat ikusten du, eta pentsaera aldatu behar da pixka bat. Orduak eta orduak sartu, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusi, eta funtzionatzen duenari heldu behar zaio.

Zer motatako kainabera erabiltzen duzu arrantzarako?

Kainaberak arina izan behar du, oso arina. Potentzia da beste ezaugarri garrantzitsu bat, eta luzera jakin bat izan behar du. Bakoitza bere kainaberarekin ohitzen da azkenean.

Non arrantzatzen duzu? Ba al duzu gustuko lekurik?

Normalean herrian ibiltzen naiz. Batzuetan, San Juan aldera joaten naiz, eta besteetan, Jausorotik gora. Arrantzan orduak pasatzeko leku bat aukeratu beharko banu, ordea, Leitzarango ibaia hautatuko nuke: egun gehienetan ur asko izaten da, ur garbia, eta arrain asko izaten da. Ondo zaindutako lekua da. Hemen, herrian, nazka ere ematen du toki batzuetan ibaiak.

Ba al duzu ametsik?

Arrantzarekin lotutako bidaia asko ditut buruan. Zeelanda Berria eta Patagonia ditut buruan, esaterako. Arrantzarako oso-oso leku ezagunak dira: oso ur garbiko eremuak dituzte, ondo zaindutako guneak.

Heriotzadun arrantza edo heriotzarik gabekoa. Non kokatzen duzu zeure burua?

Hasieran arrantzatzen nituen arrainak, baina, egoeraz ohartu eta jabetu nintzenetik, hil gabeko arrantza babestu izan dut. Azkenean, arrain bat hiltzen ari zara. Gero, gainera, arrantzaleok kexatu egiten gara arrainik ez dagoela. Nola egongo da, ba? Badaude arraina etxera eramatea gustuko duten pertsonak ere; lizentzia ordaindu dute eta eskubidea dute. Ulertu egin behar dut haien pentsakera, eta errespetatu egin behar dut, nahiz eta niri ez ondo iruditu.

Zerk kezkatzen zaitu uretan sartutakoan?

Buruarekin jokatu behar da. Ur asko dagoenean ez naiz sartzen; ur ertzetik aritzen naiz. Ibaiko zati bat oso irristakorra baldin bada, berriz, kontuz pasatzen gara, edota ekidin egiten dugu. Lehiaketetan, halere, nahitaez pasatu behar izaten dugu.

Bultzadarik behar al du arrantzak?

Jendeari buruan sartu behar zaio normala dela arrantzan egitea. Jendeak pentsatzen du ez dela kirola, eta, gainera, gaizki ikusita dago. Jendea bultzatu behar da. Arrantza egiten duen pertsona nagusi asko dago, baina umeen kopurua oso txikia da. Aurten azkenekoz aterako dugu gazte mailako taldea Euskal Herrian. Bultzatu egin behar da jendea, probatzera animatu.

Ba al duzu anekdota berezirik?

Ibaira erori eta mugikor bat edo beste hautsitakoa naiz, baina bestela ez dut anekdotarik buruan.

Zein asmo dituzu etorkizunerako? Arrantzan jarraitu nahi duzu?

Arrantzari lotuta jarraitu, zergatik ez? Adin batetik aurrera lehiatzeari utziko diot agian, baina jarraituko dut.

Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide